«Garaipena ez dugu guk bakarrik lortu, berak lortu du gurekin batera»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 19a, 08:02

Astez asteko lanean, bien jaioterrien arteko distantzia ezerezera mugatzen dute, dantzarako duten grinarekin; grinak eta izerdiak jantzi die, aurten, txapela preziatua.

Xabi eta Idoia, jo zazue goia! Esan eta egin. Dantza taldeko lagunek behin eta berriro errepikatutako leloari jarraitu, eta Euskal Herriko 40. dantza txapelketa irabazi zuten, joan den larunbatean, Xabier Artolak (Irura, 1996) eta Idoia Besadak (Pasaia, 1993). Paradoxa dirudi, baina sueltoak elkartu zituen eta, orduz geroztik bi urte ere pasatu ez diren arren, bizipen zerrenda luzea idatzi dute jada, fandango eta arin-arinen erritmora. Zalantzarik ez da: Segurako garaipena lumarik finena izan da, elkarrekin hasi zuten historia idazten jarraitzeko.

Egun batzuk pasatu dira. Sinesten al duzue?

Idoia Besada. Kosta egiten da sinestea helburua lortu dugula.

Xabier Artola. Gainera, gaur joan den osteguneko dantzari berberak izaten jarraitzen dugu, eta titulu hori da aldaketa bakarra. Lorpen handia da, bai, baina badira titulurik gabeko dantzari oso onak ere.

Iaz ez zen puntura iritsi zuen eta txapeldunen arteko tartea. Aurten kolpea eman, eta lau puntuko aldeaz irabazi duzue. Arantza ateratzeak poza bikoiztu dizue?

X. A. Uste dut joan den urtean ez irabazi izanak indarra eman zigula lanean jarraitu eta hobetzeko.

I. B. Lortu dugu nahi genuena, baina iaz ere pozik geratu ginen; gure lehen urtea zen, eta bigarren postua eskuratu genuen. Hori ez da batere erraza.

Zenbat txapelketatan aritu zarete bi denboralditan?

X. A. Aurten batzuk bertan behera geratu dira edo ez dituzte antolatu, eta gutxixeago izan dira. Iaz 10 irabazi genituen, eta sei aldiz bigarren izan ginen, Seguran barne.

I. B. Aurten bost irabazi ditugula esango nuke.

Zuk, Idoia, aurretik ere bazenekien Euskal Herrikoa bi aldiz irabaztea zer zen. Sentipenak desberdinak dira aldiro?

I. B. Erabat. Gainera, une horretan sentitzen duzuna ahaztu egiten da, ez dakit nola azaldu. Garaipen bakoitzak urte osoko lana du atzetik, eta desberdina da. Egia da lehenengo garaipena, lehenegoa izateagatik, beti dela bereziagoa, baina aurtengo sentsazioa sekulakoa izan da.

Oso hunkituta zeunden. 

I. B. Bai, inoiz baino gehiago, eta afizioagatik izan zen. Sekula ez dut horrelako afiziorik izan, eta Udaberrik duena ikaragarria da. Horrelako publiko bat izateak momentuari intentsitate handiagoa ematen dio, eta dantzan ari zarela oihuak entzuteak jarraitzeko indarra ematen du.

Zuretzat, aldiz, lehen aldia izan da, Xabi. Titulu bat besterik ez dela diozu, baina, nolabaiteko ametsa da?

X. A. Izan liteke, baina ni ez naiz sekula txapelketetan aritu izan. Idoiak ia bizitza osoa darama, eta amets hori izatea ulertzekoa da. Baina ni iaz hasi nintzen, bi denboraldi baino ez ditut egin eta, ordura arte ere, neure buruari ez nion sekula proposatu Euskal Herriko txapelduna izatea. Bat-batean txapelketetan hasteko aukera suertatu eta, garaipenengatik baino, ikasteagatik hasi nintzen. Pilo bat ikasi dut, asko, eta dantzari moduan hobetzeko sekulako aukera izan da. Baina, noski, ez nuen uste gauzak hain ondo joango zirenik! Nork esango zidan? [barreak]

Nolatan elkartu zenituzten Irura eta Pasaia, bikotea osatzeko? 

X. A. [Jose Luis] Vallejorekin hitz egin nuen, eta Izar Etxeberriarekin hastea proposatu zidan, baina ez zen posible izan. Orduan, Idoia Besada izan zitekeela esan zidan Vallejok, eta sekulakoa izan zen: bi aldiz txapeldun izandako bat, presioa galanta! Egia esan, sueltoa jarraitzen hasi nintzenez geroztik, Idoia erreferentzia bat zen niretzat, bai bere lorpenengatik, eta baita noizbait Udaberrira erakustera etorri izan zelako ere. Erronka handia izan zen niretzat berarekin dantzan hastea. 

I. B. Gogoan dut Vallejok nola deitu zidan,Urtezahar egunean. Hasieran beldurra sentitu nuen, zerotik haste bat zelako. Baina uste dut sueltoa ezin dudala utzi, eta zera pentsatu nuen: «Zergatik ez?». Maiatzean lehen txapelketara aurkeztu eta irabaztea sinestezina izan zen. Honaino iritsi gara, Xabi oso dantzari ona delako; primeran egokitu da sueltora. Oso ondo konpontzen gara, eta hori oso garrantzitsua da.

X. A. Ez, bion lana dago emaitzetan. Altuerak ere zerikusia du, bikote simetrikoa osatzen dugulako. Estilo propio bat lortu dugu, nolabait.

I. B. Gure indargunea hanketan zegoela ikusita, horri etekina atera nahi izan genion. Beraz, salto egiten hasi ginen, eta uste dut arin dantza egitea gure bereizgarria dela. Dena den, Seguran zenbait ikusle hunkitu genituela esan digute, eta hori da garrantzitsuena: gozatzeko dantza egiten dugu, baina baita gozarazteko ere. Hemendik atera dezakedan onena da hori.

Zein da horra iristeko sekretua? 

X. A. Giltza bakarra entseguak dira, argi dago. Konpromisoa hartu behar da norbere buruarekin eta bikotearekin, lehian sartzen zaren unean helburu batzuk dituzulako.

I. B. Eta beti ateratzen dugu tarte bat entseguetarako, dantza baita gure ihesbidea.

Nolakoa da dantzari batean astea, Segurako hitzorduaren atarian? 

I. B. Uf! Oso txarra, batez ere, urduritasunagatik. Dena den, azken astean erabat entseguetan aritzeak ez du ezertarako balio, lana aurretik egin behar da. Presiorik handiena minagatik izaten da, denboraldi amaiera denez, gorputzeko lesio guztiak pilatzen baitira.

X. A. Azken hilabetean hauspoa lantzen dugu gehien, pausoei ere egurra ematen diegulako. Hala ere, larunbatean pozik jaiki nintzen, sentsazio onekin, eta nire buruari ez nion iazko presiorik egin, Seguran edozer gerta baitaiteke. Aurten beste modu batera hartu dut guztia, eta gozatu egin dut dantzan.

Aurkezleek mikrofonoa pasatu eta biok pertsona berarekin gogoratu zineten. 

X. A. Bai. Bera da gu bikote izatearen eta gaur Euskal Herriko txapeldunak izatearen erruduna. Bera egon ez balitz, ez genukeen ezer egingo, eta sarri ez gara konturatzen bere laguntzaren pisuaz. Vallejok akuilari lanak egiten ditu, errutina bat markatzen digu eta fisikoki prestatzen gaitu. Eta, noski, hirugarren begirada bat da egiten ari garena fintzeko.

I. B. Hasieratik egon da gurekin, eta txapelketa guztietara joaten saiatzen da. Beti izaten da laguntzeko prest, eta babes handia da guretzat; bera gabe ez genukeen saririk lortuko. Garaipena ez dugu guk bakarrik lortu, berak lortu du gurekin batera, eta, asko, asko dugu berari eskertzeko. Seguran hunkitu egin zela uste dut, eta horrek are gehiago bete gintuen.

X. A. Nik nire artean pentsatzen nuen, noizbait Seguran hitz egiteko aukera izanez gero, Vallejoren lana txalotu beharra zegoela, beraz, ez nuen momentua galdu nahi izan. Bere lanak errekonozimendua merezi du, dena musu truk egiten duelako. Inork gutxik du berak dantzagatik duen pasioa.

I. B. Eta, noski, Udaberriri eskerrak ere eman nahi dizkiogu.

X. A. Estibalitz, Zumarraga, Itziar, Donostia,... Seguran eta urte osoan jaso dugu taldeko babesa, eta hori sekulako indarra da guretzat. Eta orain, saria partekatzen duzu beraiekin, momentuaz gozatu.

I. B. Eta Segurakoa hain berezia izanda, ikaragarria da afizio hori sentitzea. Gure izena esan eta guztiak zutik jarri zirenean, zapiak gora jasota... Izugarria! Udaberri ez da beste talde bat, familia bat da, kuadrilla bat. Eta adin desberdintasunak ez dira nabaritzen. Argi dago Udaberri gabe ere garaipena ez zela berdina izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!