Brigadak antolatuko dituzte eraso sexistak saihestu eta etxera buelta beldurrik gabe egin ahal izateko. Izan ere, emakume jaiotze hutsa beldur zenbait sentitzeko arrazoi da, Irurako eta Anoetako emakume taldearen iritziz: «Bortxatze horiek herrietako jaietan gertatzen dira sarri, eta matxismoaren icebergaren punta besterik ez dira».
Horrela, emakume zein gizonen parte hartzeari dei egingo diote brigada horietan. Anoetaraino zein geltokietaraino laguntza eskainiko dute bi larunbatetan, 00:00etatik 6:00etara. Horretarako, 632 445 333ra deitu beharko da; aldiz, eraso sexistaren bat salatu nahi duenak 669 300 447 telefonora dei dezake.
Txosnan ere egongo da zenbakia, eta karparen ondoan elkargune morea jarriko dute; bertan elkartuko dira telefonora deitzen dutenekin. Azkenik, trinketerako bidean dagoen tunelean pankarta esekiko dute, puntu beltza delako.