«Herritarrei bizkar emanez»

Ataria 2016ko uzt. 8a, 13:20

«Herritarrentzat garrantzi handiko» zenbait gairekin udalak izan duen jarrera gogor salatu du EH Bilduk.

Urtebete igaro da EAJk agintea hartu zuenetik. Eguneroko jardunean, «herritarrei bizkar emanez» ari direla dio oposizioak. Horren «adibide argia» azken osoko bilkuran haurreskolaren gaiarekin gertatutakoa zehaztu dute.

Hain zuzen ere, «EAJk, gainontzeko udal ordezkariekin eta kultur eta gazteria teknikariekin adostu gabe, haurreskola berria egiteko proiektua garatu du»; ekaineko bilkuran, Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskatzeko proposamena aurkeztu zuen. EH Bilduko zinegotziei azaldu zietenez, «bezperan hartutako erabakia izan zen, presazko kontu bat». Proiektuak haurreskola gaur egun dagoen tokitik parke ondoko eraikin urdinera eramateko proposamena zela ohartu ziren. Gauzak honela, EH Bilduko zinegotziek argibideak eskatu zizkioten udal gobernuari eta «kontua asteak aztertzen zeramatzatela eta proiektua bezperan bukatu zutela onartu behar izan zuten». 

EH Bilduk azpimarratu duenez, «proiektu hau udal ordezkari, teknikari eta herritarren artean egin beharko litzateke». Izan ere, «haurtzaindegia, ludoteka eta plaza bera ekimen orokor moduan ikusi beharko litzateke eta horrek hausnarketa sosegatua eskatzen du», baieztatu dute.

Parkea estaltzearen afera

Bilduko ordezkarien ustez, «gobernatzeko modu honen beste adibidea parkea estaltzearen afera da». Irurako EAJk Kaskailu parkea estaliko zuela agindu zuen bere hauteskunde programan. EH Bilduren iritziz, ordea, «parke bat estaltzekotan plazakoak izan beharko luke lehentasuna, herriaren bihotzean egonik, askoz ere gehiago erabiltzen delako». Hori aldarrikatzeko, herritar talde batek 300 sinadura bildu zituen. Udalak bere asmoari eutsi eta Kaskailu parkea estaliko du. «EAJk bere erabakia justifikatzeko hurrengo urtean plazakoa ere tapatuko duela argudiatu du. Baina herri txiki batean bi urteren buruan bi parke estaltzeak ez du inongo zentzurik», eta gaineratu dutenez, «herritarren eskaerei kasu egin gabe ari diren beste adibide bat da hau».

«EAJk bilkuretako aktak manipulatzen ditu»

EH Bilduk salatu duenez, «EAJk udal plenoetan gertatzen dena eta bertan esandakoak ez ditu behar bezala jasotzen aktetan; eurei komeni bezala manipulatzen dituzte». Horretaz jabetuta, EH Bilduko lau zinegotziek pleno guztiak grabatzea erabaki zuten eta alderditik esan dutenez, nahi izatera, udalak onartzen dituen akta ofizialak (www.irura.eus, osoko bilkurak atalean) eta EH Bildu Irurak egindako grabazioak (irura.ehbildu.eus) alderatudaitezke, «esaten dugunaren frogarik argiena baita».

Adibide bat jartzearren, apirileko bilkuran gertatutakoa dela diote. Bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL) kendu izana salatzeko mozioa aurkeztu zuten. Ondorengo eztabaidan EH Bilduko zinegotziek egindako galdera guztiei («Ba al dakizu zenbat pertsonak jasotzen duten DBLa Iruran? Ba al dakizu Nafarroan, DBL gabe, Gipuzkoan baino immigrazio tasa altuagoa dutela? Ba al dakizu Caritas-ek laguntza hau kendu izana salatu duela?»,…), Ana Leunda alkateak «ez dakit» erantzun bazien ere, aktan erantzun zehatzak jaso zituzten. EH Bilduren ustez, «jarrera hau lotsagarria eta salagarria da. Ezinbestekoa da herritarrek plenoetan benetan gertatzen dena jakitea». Horregatik, herritarrak plenoetara azaltzera gonbidatzen dituzte.

«EAJk herritarrak entzungo zituela, herritar guztientzat gobernatuko zuela agindu zuen, baina agerikoa denez, ez da bere hitza betetzen ari. Udal gobernu honek agintean daraman urtean ez du herritarrekin batzar bakar bat ere egin». Eta galdera planteatzen du: «Hau ote da EAJren gobernatzeko modu berria?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!