300 sinadura, San Migel plazako parkea estaltzeko

Jon Miranda Labaien 2016ko ekainaren 6a

Plazako parkea maindirez estali dute guraso talde baten ekimenez, herriaren hitza errespeta dadin aldarrikatzeko

Plazako parkea maindire zuriz estalia. Horrela egin nahi izan dute protesta Irurako zenbait herritarrek parkearen estaltzea dela eta, Irurako Udalak azaldu duen jarreraren aurrean. Hain zuzen, udalak 2016ko aurrekontuetan Etxezarreta auzoko parkea estaltzeko 90.000 euro erabiliko zituela aurreikusi zuela eta, herriko guraso talde batek sinadura bilketa bat egiteari ekin zion, plazako parkea estaltzeko eskatzeko, izan ere, parke hau da «erabiltzaile gehien dituena, herriaren muinean dagoena eta gure seme-alaben erreferentea».

300 sinadura batzea lortu zuten guraso hauek. Dena den, «udalak bereari eutsi» eta beheko parkea estaltzeko asmoa berretsi du, aurrerago plazakoa ere estaltzeko aukerari uko egin gabe. «Hori erokeria da, Irura bezalako herri batean ditugun bi parkeak estaltzeko dirutza utziz? Ez du zentzurik», aipatu du guraso taldeak. Udal gobernuari birpentsatzeko eta herriaren ahotsa entzuteko exijitu diote eta horretarako parkea maindirez estali dute egunotan. Protestak ez dira hemen bukatu, ordea, pasa den astearteko plenoan, zenbait herritarren aurkako ahotsak entzun behar izan zituen udal gobernuak gai honen harira. «Orain ikusi beharko da zer erabakitzen duen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!