Irurako Ikastolako eraikin berriaren lehen harria, apirilaren 8an

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 1a, 11:36

Haur Hezkuntzako gelak jasoko dituen eraikina egiteko lanek, hamaika hilabeteko iraupena izango dute aurreikusi dutenez

Dagoeneko hasi dituzte Irurako ikastolan eraikin berria egiteko lanak eta hesituta dute obra eremua. Datozen hilabeteetan ikasleen segurtasuna bermatzea da ikastolako arduradunen lehentasuna. Larraitz Agirrezabala zuzendariaren esanetan, «ikasleen sartu-irtenetan mugimendu asko izaten da eta lehen hilabeteetan kamioiak ibiliko dira inguruan. Gurasoei pazientzia eta kontuz ibiltzea eskatu nahi diegu». Enpresa eraikitzaileak eta udalak hainbat neurri hartuko dituzte ikasleen segurtasuna bermatzeko. «Soinketa orduak, orain arte, jolastokian egiten genituen baina obrak direla-eta frontoira joan beharko dugu. Beraz, horko zebrabidean ohi baino jende gehiago ibiliko da».

Bi eta bost urte bitarteko ikasleentzako gelak jasoko ditu gaur egungo ikastolaren aurrean kokatuta egongo den eraikinak. Argitasuna izango du ezaugarri nagusia eta gelak elkarri lotuak egongo dira, ate lerragarri batzuei esker. «Ikasleen arteko loturak estutzeko balioko du horrek, eta aldi berean, kanpoarekin ere lotuta egongo da eskola berria, bi eraikinen artean geratuko den jolastoki berriarekin». Espazio hori herriak erabili ahal izango du eskola orduetatik kanpo. Agirrezabalak esan duenez, «eraikuntza batzordean diseinatu dugu jolas parkea eta ikasleen iritziak ere hartu dira kontuan. Hezkidetza ikuspegitik landutako espazio bat izango da».

Batzorde horretan, Ikastolen Elkarteko aholkularitzarekin erabaki da eraikin berria egiteko Ekolan enpresa eraikitzailea kontratatzea. «Beste hainbat proiektu ere gauzatu izan ditu eta proposamen egokiena enpresa horrek egindakoa iruditu zitzaigun». Aurreikuspenen arabera, hamaika hilabete beharko dituzte lanak bukatzeko. Ikastolak, gaur egun, haur hezkuntzako ikasleek eskolak har ditzaten Irurako udalarenak diren hainbat eraikin okupatzen ditu plaza inguruan. Agirrezabalak esan duenez, «2017ko urtarrilerako lokal horiek hutsik utziko ditugula adostu dugu udalarekin, baina malgutasunez jokatuko dutela esan digute. Hala ere, epeak errespetatzeko ahalegina egingo dugu eta saiatuko gara, ahal bada, hurrengo urte hasieran ikasleen lekualdatzea egiten». Toki bakar batean bilduko dira, beraz, Irurako ikastolako ikasle guztiak, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara bitartean, proiektuari falta zitzaion osotasuna emanaz.

«Irurako Udala ikastolaren proiektuaren parte da eta ezinbestekoa da bere babesa», esan du Agirrezabalak. Hitzarmena sinatu zuten iaz bi aldeek eta urtero 75 mila euroko ekarpena egiten dio udalak ikastolari. «Aurretik zegoen udal taldeak sinatu zuen hitzarmena eta udal gobernu berriak jarraitu du konpromisoarekin. Eskertzekoa da egiten duten ahalegina».

Eraikin berria egiteko eskatutako maileguari aurre egin ahal izateko, Udalaren ekarpena garrantzitsua izango da, baina ez nahikoa: «Guztiona den proiektua aurrera ateratzeko guztion eginahala behar beharrezkoa da. Horregatik ekimen propioekin jarraituko dugu, herriko festetan jartzen dugun tabernarekin edota Ñañarri rallysprintarekin, adibidez». Datorren apirilaren 16an egingo dute lasterketa eta ibilbide berria izango du: Urkizu inguruan prestatu dute zirkuitua. «Ziur gaude ikusle asko gerturatuko dela. Egun horretan jende asko ariko da lanean, guraso eta boluntario, guztia ondo atera dadin».

Ekitaldi herrikoia

Lanak dagoeneko hasita dauden arren, datorren apirilaren 8an egingo dute lehen harria jartzeko ekitaldia obra eremuan bertan, 16:00etan hasita. «Ekitaldi herrikoia izango da, xumea eta aldi berean ikasleak protagonista izango dituena», dio Agirrezabalak.


Ikastolaren proiektua sortu zutenekin gogoratu dira ekitaldirako eta besteak beste, Josune Aiestaran, ikastolako zuzendari izandakoa gonbidatu dute. Eskualdeko ikastoletako arduradunak eta Ikastolen Elkarteko kideak ere gonbidatu dituzte. Herriko ordezkariak ere izango dira: udaleko zinegotziak, herriko gazteak eta erretiratuak, esate baterako.

«Lur azpian kutxa bat sartuko dute ikasleek eta han besteak beste, ikastolaren logoa, Argitxoren irudi bat, txanponak, xare bat eta egun horretako TOLOSALDEKO ATARIAren ale bat sartuko ditugu». Eraikin hori erabiliko duten ikasleak sartuko dute kutxa lur azpian eta haien eskutik joango dira dantza eta kantu emanaldiak.

Lanek irauten duten bitartean buruhausteak izango dira, baina «ilusio handia» dute Irurako ikastolako kideek, «hasierako proiektu xume hori hazten ari dela ikusita». Euskara bultzatu eta berrikuntza pedagogikoaren bidean, urrats garrantzitsua izango da, beraz, eraikin berria.

Irurako Ikastolak Ekolan enpresa eraikitzailearekin sinatu du eraikin berria egiteko kontratua

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!