Bertan Igogailuak: gertutasuna eta kalitatea

Publirreportajea 2016ko mar. 3a, 07:57

Bertan Igogailuak kooperatiba bide berria finkatzen ari da igogailuen mantenuan Gipuzkoan. Bezeroarekiko gertutasuna, kalitatea eta tarifen egokitasuna dira bere ezaugarri nagusiak.

Oso garbi dute Bertan Igogailuak kooperatibako kideek zergatik jarri zuten martxan enpresa. «Gertutasuna eta kalitatezko zerbitzua bermatzen ditugu», azaldu du Ibai Salazar Bertan Igogailuak kooperatibako ingeniariak. Igogailuen mantenua egiten dute, merkatuan dauden igogailu modeloen %95ena, eta bide berri bat finkatzen ari dira esparru horretan Gipuzkoan.

Gero eta gehiago hazten ari den enpresa da Bertan Igogailuak. «Azken sei hilabeteetan 150 komunitatek egin dute gurekin kontratua, eta kopuru hori sektorerako zenbaki garrantzitsua da», esan du Salazarrek. «Horrek erakusten du etxebizitza jabeen aldetik eskaera bat dagoela gurea bezalako enpresa batekin lan egiteko, hau da, gertuko tratua duena, arazoei aurrez aurre erantzungo diona, eta ez dela multinazional bat, sektoreko beste enpresak bezala». Arrasaten eta Iruran bulegoak dituzte, eta azken honetatik eramaten dute Idiazabaldik Donostiara aldeko zerbitzua, N-1 errepide inguruko herriak, hain zuzen. Biltegia Iruran dute, eta Gipuzkoaren erdialdean egonez, herri guztietara zerbitzu egokiagoa eman dezakete.

Bertan Igogailuak kooperatibako kideek beraiek sortu zuten enpresa, ikusita igogailuen mantenua egiten duten enpresa multinazionaletan izandako esperientzia. «Gure teknikoak beste enpresa batzuetan lan egindakoak dira, eta ikusten zuten gero eta lan karga gehiago jartzen zitzaiela», esan du Salazarrek. «Igogailu baten mantenua eramaten duzunean, zure sinadurarekin ziurtatzen ari zara igogailu hori ondo dagoela. Baina gero eta lan karga gehiago hartzen baduzu, zure enpresak horretara behartzen zaituelako, iristen da une bat teknikoak bere askatasuna galtzen duela. Horregatik, hainbat teknikok erabaki genuen Bertan Igogailuak sortzea, gure gain hartzen dugun lana ondo beteko dugula ziurtatzeko».

Hain justu, zerbitzuaren kalitatea horrela bermatzen dutela dio Salazarrek: «Bertan Igogailuak enpresako teknikoek 100 aparailu ingururen mantenua egiten dute. Hortik gorako lan karga hartuz gero, mantenuaren kalitatea eta denbora jaitsiko litzateke». Horregatik diote langilearen ikuspuntutik sortutako enpresa dela, bere lana ondo egingo dutela ziurtatuz, eskaintzen duten zerbitzua beteko dutela bermatuz. Salazarrek gogora ekarri du Bertan Igogailuak kooperatiba bat dela: «Denok gara kooperatibistak, eta langile guztien inplikazioa erabatekoa da».

Enpresa haztearekin batera, lan-taldea handitzen doala nabarmendu dute. «Beste bi tekniko gehiago sartu dira», azaldu du Salazarrek. «Hauek, gainera, zuzenean kooperatibako parte egiten dira, eta aurretik azaldu moduan, langileen inplikazioa erabatekoa izatea eragiten du».

Bertan Igogailuak ematen duen zerbitzuetako bat nabarmendu du Salazarrek: «Enpresa bakarra gara bere bezeroen %100ak larrialdietarako telefonoa ezarrita dutena igogailuetan. Igogailu asko daude ez dutena larrialdiko telefonorik, berez arauek ez baitute behartzen. Guk gure bezero guztiei ematen diegu zerbitzu hori, eta enpresa bakarra gara hori egiten duguna».

Zerbitzu hori doan jartzen diete bezero guztiei. «Pentsatzen dugu, gaur egun, 2016an, derrigorrezkoa ez izan arren, zerbitzu hori oinarrizkoa dela eta bezero guztiek izan behar dutela aukera, arazo bat izanez gero, larrialdietarako botoiari sakatu eta arazoa konpondu ahal izateko», esan du Salazarrek.

Zerbitzuaren prezioari dagokionez, tarifa normalak dituztela diote. «Gipuzkoan tarifak garestiago dira inguruko herrialdeekin alderatuta, enpresa multinazionalek horrela erabaki dutelako. Baina guk beste herrialdeetan aplikatzen diren antzeko tarifak ditugu, eta beraz, Gipuzkoan beste enpresak baino merkeago gara», zehaztu du Salazarrek. Hilean 100 euro inguru kobratzen dute igogailu baten mantenuagatik, eta etxebizitza gutxi dituzten komunitateetan esfortzua egiten dute tarifak egokitzeko, eta igogailua karga bat ez izateko.

BENETAKO 24 ORDUKO ZERBITZUA

Beste enpresekin alderatuz, Bertan Igogailuak kooperatibak benetako 24 orduko zerbitzua ematen du. «Zergatik diogu benetako 24 orduko zerbitzua ematen dugula? Enpresa guztiek jartzen dituzte pegatinak igogailuetan esanez 24 orduko zerbitzua ematen dutela, baina hori ez da gero kontratuetan zehazten gehienetan», esan du Salazarrek. «Kontratuetan jartzen dizute zerbitzu hori bakarrik larrialdi nagusietarako dela, norbait barruan geratzen bada. Abisuetarako ordutegi bat jartzen dute, eta ordutegi horretatik kanpoko zerbitzua ordaindu egin behar da aparte. Guk, astelehenetik igandera, eguneko 24 orduetan bermatzen dugu zerbitzua kontratuan».

Beste puntu batean ere bereizten dira Bertan Igogailuak kontratuari dagokionez. «Enpresa bakarra gara kontratuaren epea librea duena, hau da, ez dagoena lotuta urte kopuru jakin batera», esan du Salazarrek. «Nahikoa da bezeroak hilabete lehenago adieraztea kontratua eten nahi duela. Beste enpresek 3, 5 edo 10 urtetarako kontratua sinarazten die bezeroei, eta kontratua eten nahi baduzu penalizazioa ordaindu behar izaten da». Kontratuaren epea irekia izatea, hilero beraien lanaren kalitatea bermatzeko beste arrazoi bat dela gaineratu du Salazarrek.

Igogailuaren azterketa energetikoa ere egiten dute. «Konturatu gara elektrizitate konpainiekin eginda dauden kontratuak direla eta, komunitateak dirutza ordaintzen ari direla kontzeptu horrengatik. Kontratuaren azterketa egiten dugu, ikusteko elektrizitatearen fakturan zer aurreztu daitekeen», esan du Salazarrek.

Euskaraz eta gaztelaniaz ematen dute zerbitzu guztia: bezeroekiko harremana, arlo teknikoa, agiriak eta larrialdi zerbitzua. «Guk ziurtatzen dugu zerbitzu guztia, hasieratik bukaeraraino, euskaraz eta gaztelaniaz eman dezakegula», adierazi du Salazarrek, eta bezeroarekiko duten gertutasunaren beste froga bat dela gaineratu du.

Garbi dute Bertan Igogailuak enpresaren helburua zein den: «Bezeroen beharren eta langileen lan baldintza egokien arteko oreka bilatzen dugu. Horretarako sortu ginen. Teknikoak lana ganoraz egiten badu, bezeroak irabazten du, lanaren kalitatea bermatzen delako».

Salazarrek gaineratu duenez, «beti prest gaude etxejabeekin bilera egiteko, eta azaltzeko zuzenean, bitartekaririk gabe, nola funtzionatzen duen sektoreak eta zein diren gure zerbitzuaren ezaugarriak. Sektorea bera prestatuta dago enpresa handien, multinazionalen, mesederako. Hori ekiditeko, gu beti prest gaude, esan bezala, etxebizitzen jabeekin zuzenean hitz egiteko eta behar diren azalpen guztiak emateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!