2 milioi ditu 2016ko aurrekontuak

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 1a, 11:45

Zarretxe taberna berritzeko eta zabaltzeko partidarik ez da gorde aurten eta EH Bilduko lau zinegotziek erabakia kritikatu dute

Otsailaren 16an egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuen Irurako udalbatzak 2016ko aurrekontua: 2.120.000 euro baliatuko dituzte ohiko gastuetarako eta inbertsio berriak egiteko. 2015eko aurrekontuekin alderatuta 125 mila euroan handitu da kopurua aurten.

Udalak izango dituen sarrerei begiratuta, etxebizitza hutsen gaineko OHZren errekargua kendu egingo dute eta aldi berean, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga handitu egingo da, udal gobernuaren esanetan, «inguruan dauden herriekin parekatzeko». EH Bilduko lau zinegotziek aurrekontuaren aurka bozkatu zuten otsailaren 16an eta ezezkoaren arrazoien berri emateko kaleratutako oharrean etxe hutsen errekarguari egin diote erreferentzia: «Iruran 70 etxek ordaintzen zuten zerga hau, horietako batzuk banketxeenak edo eraikuntza enpresa handienak dira. Berriro ere, ahalmen handiena dutenen alde jartzen dira, Gipuzkoa mailan aberatsen zerga kendu zenean bezala». Gainerako zergak bere horretan mantenduko direla jakinarazi dute udal gobernuko kideek.

Transferentzien atalean, Irurako ikastolari ematen zaion diru laguntza 75 mila euro mantenduko du udalak. Bestalde, EAJren udal gobernuak azpimarratu duenez, «hainbat aktibitate kultural egiteko partida gehitu da, bai ume, gazte zein nerabeentzat». San Migeletako aurrekontua 20 mila euro gutxitu da 60 milatik 40 milara eta «horri esker, gizarte zerbitzuetako eta euskara saileko aurrekontuak igo egingo dira», udal gobernuaren esanetan.

Inbertsioetarako iaz baino diru kopuru handiagoa egongo da aurten: 288 mila euro iaz, 135 mila izan ziren. Proiektu aipagarrienak zerrendatu ditu udal gobernuak eta diru gehien Kale Nagusiko 38 eta 42 zenbakien arteko urbanizazio lanetara bideratuko dute, 100 mila euro guztira.

Kaskailu plaza estaltzeko 90 mila euroko inbertsioa egingo du Irurako Udalak. EH Bilduko zinegotziek ezezkoa emateko arrazoietako bat bezala jarri dute hau: «gure ustez, parkeren bat estaltzekotan plazakoak izan beharko luke, jende gehiena bertan ibiltzen delako. Plazan haurtzaindegia eta ikastola ere badaude, horregatik bertako parkean goizetik iluntzera jendea ibiltzen da».

ZARRETXE TABERNAREN AFERA

Zarretxe taberna berritu eta berriz irekitzeko diru partidarik ez du jarri udal gobernuak aurtengo aurrekontuan. Irurako EH Bilduko udal taldeak kritikatu egin du erabakia: «Herritarren ez bakarrik EH Bildu bozkatzen dutenen parte hartze prozesu baten bidez zehaztuta zegoen proiektua. Orain zenbaten artean hartu da proiektua geratzeko erabakia?». Auzitan jarri du koalizio abertzaleak udal gobernuaren parte hartzeari buruzko jarrera.

Zarretxea berritzeko lanetarako 2015eko aurrekontuetan diru partida bat onartua zeukan EH Bilduk eta «dagoeneko proiektua diseinatzen eta lehen prestaketak egiteko diru kopuru bat gastatua dago. Udaleko teknikari baten azterketan oinarrituta egin zen proiektua». Taberna itxita dagoenetik, plazako giroa itzaliagoa dagoela uste dute EH Bilduko zinegotziek eta esan dutenez, «plaza da kasu gehienetan herriko erdigunea, bihotza, espazio publiko nagusia. Baita Iruran ere. Horregatik Zarretxea irekitzea beharrezkoa ikusten dugu, plaza eta herri bizi bat nahi ditugulako».

2016KO INBERTSIO NAGUSIAK

  • Kale Nagusiko 38-42 urbanizazioa berritu 100.000
  • Kaskailu plazako parkea estali 90.000
  • Hilerriko hobekuntzak 35.000
  • Patxiko Pagadizabal kaleko txabolak kendu 25.000
  • Industriagunea berritu: argiztapena, aparkalekuak... 25.000
  • Gaztelekuko lanak: sukaldea jarri eta beste 13.500

2,1 MILIOI EUROKO AURREKONTUA

EAJren aldeko bost botoekin eta EH Bilduko aurkako lauekin onartu zen 2016ko aurrekontua, otsailaren 16an egindako ohiko osoko bilkuran.

  • 2015ean 1.995.000 aurrekontua izan zuten Iruran.
  • 2015ean 135.000 euro bideratu ziren inbertsioetara eta 30 mila euro herritarrek erabakitako proiektuetara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!