«Denok egin behar genuke bizkarrezurraren azterketa bat»

Jon Miranda Labaien 2016ko ots. 16a, 13:59

Bizkarrezurreko zainketa on batek gaixotasunak saihestu ditzake. Xabier Mendiaraz kiropraktikoa gai honen inguruan ariko da gaur, 18:30ean, Irurako erretiratuen biltokian

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aitortua du kiropraktika osasun diziplina gisa. Aitortza hori, ordea, ez da iritsi Espainiako estatura. Modalitate hau zer den ezagutzera emateko hitzaldiak eskaintzen ditu herriz herri Xabier Mendiarazek.

Azaldu al dezakezu zer den kiropraktika bi hitzetan?
Kiropraktikaren helburua bizkarrezurrean lan egitea da nerbio sistemarekin harreman handia baitu. Nerbio sistema da gure organo, gihar eta glandula guztiak kontrolatzen dituen atala eta sistema babesten duena da bizkarrezurra. Edozein orno tokitik kanpo ateratzen bada, nerbio sisteman eragin dezake gure osasuna kaltetuz. Gure lana bizkarrezurra zuzentzea da. Lehenengo tokitik kanpora dauden ornoak zeintzuk diren identifikatzen ditugu eta gero bere tokian jartzen ditugu. Garuna eta gorputzaren arteko komunikazio hau berreskuratzea da gure helburua. Guztira, 24 orno dauzkagu eta beheko partean pelbisa.

Zergatik egon daiteke orno bat tokitik aterata edo bere posiziotik kanpora?
Arrazoi asko dago horretarako. Gehienetan ez da kausa bakarra izaten, zergati ezberdinen konbinazioa baizik. Izan daitezke, estres fisikoak ornoa mugiarazten dutenak, postura txarrek edo eroriko batek eragindakoak. Kausa kimikoa deitzen dioguna ere hor dago, elikadura txarragatik edo sendagai asko hartzegatik gertatzen direnak. Eta hirugarren multzo batean sartzen dira, geroz eta maizago ikusten ditugun arrazoi emozionalak. Familian edo lanean ditugun beldurrek nerbio sisteman eragiten dute. Tentsio ezberdinak sortzen dira eta bere berezko tokia galtzen dute ornoek.

Eta zein ondorio izan ditzake horrek gure osasunean?
Pertsona bakoitza ezberdina da eta ondorioz, modu diferentean eragiten dio. Badago jendea digestio arazoak dituena, arnasketa arazoak edo lo egiteko zailtasunak. Badira, bestalde, bizkarrezurrean bertan izaten diren etendura eta ziatikak.

Zein teknika erabiltzen duzue nerbio sistema liberatzeko?
Teknika asko dago, 200dik gora. Gure kontsultan zazpi bat erabiltzen ditugu. Gehienetan eskuak erabiltzen ditugu, baina baliatzen ditugu, baita ere, bestelako tresnak: pistola modukoak, anda (ohe) bereziak eta bloke antzeko batzuk erabiltzen ditugu.

Kiropraktikak min ematen al du?
Egia esan jendeak asko galdetzen digu eta esan beharra dago ez duela batere minik egiten. Egokitzea, oso mugimendu zehatz eta azkarra da. Hotsak ere ateratzen dira baina ez beti. Mugitu daiteke orno bat soinurik egin gabe. Argi utzi nahi dut, egokitzea da eta ez masajea. Ez du luzatze eta horrelakoekin zerikusirik.

Zeinentzat izan daiteke egokia kiropraktika?
Edozeinentzako da egokia. Guztiak egon gara okulistarenean edo dentistarenean, baina jende gehienak ez du inoiz bere bizkarrezurraren azterketa egin. Gure kontsultara, jaioberriak ekartzen dituzte erditzerakoan orno bat mugitu ote zaien jakiteko. Baina etortzen dira, baita ere kirolariak, adinekoak, gazteak... Egia da inoiz etorri ez eta adin bat duen pertsonaren bizkarrezurrak dagoeneko baduela posizio bat egina. Horrelakoetan, maiztasun handiagoz joan behar da kiropraktikoarengana bizkarrezurra bere toki egokira eramateko.

Zuek prebentzioaren arloan egiten duzue lana?
Guk ez dugu sintoma tratatzen. Sintoma, gorputzak duen mekanismo bat da gauzak gaizki dabiltzala abisatzeko. Nire ikuspegitik zentzurik ez du sintoman zentratzeak. Kausak hor jarraitzen badu, gorputzari erreparatzeko eta erregeneratzeko duen gaitasun guztia eman behar zaio eta horretan laguntzen du kiropraktikak.

Zein helbururekin antolatzen dituzu gaur bezalako hitzaldiak?
Jendeari mundu hau ikusaraztea da hitzaldien helburua. Gure bizkarrezurrak gure osasunean duen garrantzia jakinarazi nahi izaten diogu jendeari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!