Arraindegi ibiltaria iritsi da Ondarrutik Irurara

Ataria 2016ko urt. 22a, 13:24

Jose Antonio Marurik goizero Ondarruko portuan jasotzen du arraina eta gero herriz herri partitu. Lea-Artibai eskualdean ibili izan da orain arte, gurera
 iritsi berri da. Asteazkenero izango da Iruran

"Dena sei euroan, txino morun». Hitz horiekin zuzendu zen asteazkenean Maruri erosleengana. Furgonetako atzeko partea zabaldu eta berdela, legatza eta txitxarroa ikus zitezkeen. «Aurreko astean hasteko asmoa genuen baina itsaso txarra zegoen eta ezin izan genuen etorri. Jendeari azaldu behar zaio, nahiz eta lehorrean eguraldi ona egon, itsasoan oso bestelako giroa egin dezakeela». Garaian garaiko arraina ekartzeko ahalegina egiten du Marurik eta Iruran lehen salmenta egunean legatzak izan du arrakasta gehien: «Lau kilokoak ekarri ditut eta itxura denez hemengo jendeari gustatzen zaio». Aitortu du herriz herri aldatu egiten direla gustuak, «normalean txitxarroa, berdela, oilarra, perlitak eta zapoa hartzen ditu jendeak».

Lea-Artibai eskualde guztian ibiltzen dira arraina saltzen, Lekeition izan ezik eta orain Gipuzkoako merkatura zabaldu nahi dute eskaintza: «Iruran hasi gara baina Amezketa, Zaldibia eta inguruko herrietarako asmoa ere badugu». Bost herri egiten dituzte egunean eta bi lagunen artean banatzen dute lana.

Ondarruko portutik zuzenean

Normalean lehenengo egunetan ikusmiran gerturatzen da jendea, zein kalitateko produktua dagoen ikustera. Iruran egindako lehen bisitan jende asko gerturatu zen arrandegi ibiltarira. Erosi ere egin zuten, Marurik esan duenez, arraina prezio merkean izaten baitute: «Kontuan hartu behar da Ondarruko portutik zuzenean datorrela produktua eta bitartekaririk ez dela izaten».

Bere herriaren inguruko propaganda ere egin du Marurik:  «Ondarrun arraina zoragarria izan da beti eta bertatik zuzenean ekartzen dugunez kalitatea ziurtatuta daukagu». Bizkaiko kostaldeko herrira bisita egiteko gomendioa luzatu die arraina erostera gerturatu diren herritarrei.

Irurako udal gobernuak herriko merkataritza sustatzeko konpromisoa hartu zuen hauteskunde kanpainan eta ildo horri jarraituz arrandegi zerbitzua eskainiko du hemendik aurrera. Gaur egun herrian ez dago arraina saltzen duen saltokirik. Hemendik aurrera asteazkenero izango da Maruri arraina saltzen  kulturgune ondoko aparkalekuan eta aurrera begira, ostegun goizetan gerturatzeko asmoa ere badu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!