Kontrolik gabeko edukiontzi bidez bilduko dituzte hondakinak Iruran

Ataria 2016ko urt. 22a, 13:02

Otsailak 13-14 asteburuan aldatuko dute bilketa sistema. Tamaina handiko bost edukiontzitan bilduko dituzte hondakinak herriko 12 puntutan. Ana Leunda alkateak esan duenez, "herritarren erantzuna egokia izango delakoan, edukiontzi denak irekiak izango dira"

Irurako udal gobernuak elkarlana eskatu die herritarrei: "beti izan dugu jendearekiko konfiantza eta horregatik eskatzen diogu Irurako herriari ezinbestekoa den laguntza". Aurrera begira, ekarpenak entzuteko prest daudela aipatu dute gaur egindako agerraldian eta aitortu dutenez "hasitako bidea bukaerarik gabeko hobetze prozesu bat da". Etorkizunean beharrezkoa balitz, hondakin organikoa biltzeko erosi dituzten edukiontziek itxiera elektronikoa jartzeko duten aukera baliatuko dute.

Papera, beira, ontzi arinak, organikoa eta errefusa biltzeko bosna edukiontzi jarriko dituzte herrian zehar eta irekiak egongo dira: "behar adina erabili ahal izan ditzagun". Otsailaren 11n hasiko dira edukiontziak kalera ateratzen eta sistema berria erabat martxan jartzen denean kenduko dira "atez aterako erabilitako mastak". 

EAJk udal hauteskundeak irabazi zituenetik, atez ateko bilketa kendu eta edukiontzietan oinarritutako sistemara bueltatzea izan du lehentasuna. "Luze joan da. Nahi baino gehiago. Ekainean hasi genituen kontaktuak eta urtarrilaren 18ra arte ez dugu jaso mankomunitatearen onespenik", esan du Leundak. 

Udal gobernuak "uste du herritarren gehiengo zabal bati" erantzuna eman diola sistema aldaketarekin eta "bilketa eraginkor eta jasangarri baten bidean" jarri direla. "Sailkatze maila mantenduz, herritarrek gaur egun ordaintzen dutenaren truke zerbitzu hobea izango dute. Erosoagoa, merkeagoa eta garbiagoa".

Tasak mantentzeko esperantza

Iruran egindako agerraldian parte hartu du Patxi Amantegik, Tolosako ingurumen zinegotzi eta Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariordeak: "Tolosan edukiontzi bidezko bilketa sistema jarri eta ikusi ahal izan da %70 birziklatze tasatik gorakoa lortu dela. Atez atekoa jarrita dagoen zenbait tokitan hortik behera dabiltza".

Tolosako udal gobernuak sistema "hobetzeko" neurriak hartu dituela esan du Amantegik eta "hori oinarri bezala hartuta, Irurak pauso bat ematen du norabide berean. Ez dugu tasetan atzera egitea aurreikusten". Tolosako ibilbide berdina baliatuko dute Iruran hondakinen bilketa egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!