Beste ibilbide batekin, baina aurten ere egingo da Ñañarri Rallysprinta

Ataria 2016ko urtarrilaren 21a

Irurako Ikastolako errektore kontseiluak asteazkenean egindako bileran erabaki zuen ekimenarekin aurrera egitea. Orendaingo herriak bertatik pasatzeko baimena ukatu ondoren ibilbide berri bat pentsatzen ari dira 

Larraitz Agirrezabala zuzendariak nabarmendu duenez, "Irurako ikastolarentzat ekimen garrantzitsua da rallysprinta, besteak beste, diru iturri bezala baliatzen dugulako. Orain, gainera, eraikin berria egitera goazela premiazkoa da laguntza hori". Hortaz, lasterketaren antolakuntzarekin aurrera egitea erabaki dute eta Euskadiko Automobilismo Federazioarekin aurtengo data adostu dute: apirilaren 16an izango da.

Zortzigarren aldia izango da Ñañarri Rallysprinta antolatzen dela eta Agirrezabalaren esanetan, "gure borondatea izena mantentzea da. Horretarako orain arte antolatu den ibilbidearen inguruan ari gara bide berriak bilatzen". Dagoeneko, beharrezko baimenak lortzeko, hasi dira ibilbide berriak zeharkatuko dituen herrietako udalekin hitz egiten. Irurako ikastolak, beraz, argi adierazi du: "aurten rallysprinta, egin egingo da".

Orendaingo herriaren erabakia

Orendaingo Udalak herriko erabakietan herritarren parte hartzea bultzatu eta urtero galdetegi bat banatzen du etxez etxe herritarrek zein proiektu lehenesten dituzten jakiteko. Orendain eta Abaltzisketa artean oinezkoen bidea edo bide berdea egitea da, aurten, herritarrek hobetsi duten egitasmoa, posible izanez gero, herri bide zaharrak berreskuratuz.

Bide batez, iazko galdetegian Irurako ikastolak antolatzen duen eta Orendaindik igarotzen den Ñañarri Rallysprintari herritik pasatzeko baimena dute galdetegian eta horren inguruko bozka eman dute herritarrek. "Ezezko bozkak irabazi du, eta, beraz, rallya ez da Orendaindik pasako», azaldu du Gorka Egia alkateak, eta gaineratu: «Irurako ikastolari nire animoak bidaltzen dizkiot, badakidalako diru iturri hori beharrezkoa duela, eta beste zerbaitetan lagundu badezakegu, jakin dezatela eskua zabalik dugula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!