Lore Amenabar: «Norberak disfrutatzen duen bitartean besteari disfrutaraztea, hori da musika»

Iosu Iturrioz 2016ko urt. 21a, 09:00

Lore Amenabar irurarra jaioterritik hiru mila kilometrora bizi da; Finlandiako hiriburuan, Helsinkin. Urruti egonda ere, bere betiko zaletasuna elikatzen dihardu. Akordeoia jotzea du pasio, eta ikastera joan da haraino, hobetzeko nahia asebetetzera. Txikitatik miresten dituen akordeoilari ospetsuak ditu irakasle. Urteetan gogor lan egiteak badu bere saria. Lore Amenabarrek hogei urte besterik ez ditu eta akordeoiaren munduan koska esanguratsuak igotzen ari da.

Hala, urteetan hain urrun izan dituen irakasleen talentura gerturatzen ari da pixkanaka. Hemendik denbora batera, akordeoilari gaztetxoenek beste talentuz, teknikaz eta esperientziaz beteriko akordeoilari bat izango dute irakasle. Bide horretan da, behintzat, Amenabar.

Ia bizi osoa daramazu akordeoia jotzen.

Zortzi urte nituela Loatzo musika eskolan jotzen hasi nintzen. Anoetan zein Iruran, eskola honek eskainitako klaseetara joaten nintzen. Urteak pasatzen zihoazen eta akordeoia jotzen jarraitzen nuen. Hamalau urterekin, Donostiako Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionalean onartu ninduten. Bertan, lau urte igaro nituen. Adinez nagusi izan bezain laster, Helsinkiko Sibelius Akademiara joan nintzen, Goi Mailako Akordeoi ikasketak egitera.

Afizio eta ofizio duzu akordeoia. Zortekoa sentitzeko moduan zara, ezta?

Bai, noski. Egun zenbait lehiaketetan parte hartu arren, ikaslea naiz eta ezin guztiz ofizio dudala esan, oraindik. Baina, musikatik bizitzea luxu bat izango litzateke niretzat. Kontziente naiz utopikoegia ere izan daitekeela ideia hori. Batez ere, kontzertuak lortzea zaila delako. Gure kontzertuetara joaten den jendea, oro har, mundu honetan murgildutakoa da normalean. Publikoa murritza da, beraz.

Urrutira iritsi zara. Noraino iristea da erronka?

Momentu honetan nazioartean ahal bezain beste kontzertu eskaintzea eta hori irakaskuntzarekin uztartzea ditut erronka nagusi. Musikarion lana kontzertuak ematean soilik oinarritzea oso-oso zaila da. Hortaz, lan hori egiteaz gain, ospe handiko Goi Mailako Kontserbatorioan klaseak ematea niretzat zoragarria izango litzateke. Hori dela eta, datorren urtean pedagogiari buruzko masterra ikastea gustatuko litzaidake. Etorkizunean halako master bat izateak asko lagunduko lidake.

Kontzertuak jotzearena behin eta berriz aipatzen duzun gaia da. Nola lotzen dituzu?

Behin musikaren munduan murgilduta zaudenean eta izen jakin bat duzunean, kontaktu ugari egiten dituzu. Horien bitartez, mundu honetan are eta gehiago murgiltzen zara. Hari bat da, behin barruraino sartuta, gainerako guztia segidan etortzen da.

Lore Amenabar Aranburu jauregian eman zuen kontzertuko une batean. URA ITURRALDE


Hamaika musika instrumenturen artean akordeoia aukeratu zenuen. Zergatik?

Famili guztia musikaria dut. Aitona klarinete jotzailea da, bi osabek akordeoia jotzen dute, lehengusu batek pianoa, gurasoek ere akordeoia... Zortzi urterekin musikan hasi nahi nuela argi nuen, hortaz. Akordeoiarena ez nuen hain argi. Ez nuen ideia argirik baina akordeoia jotzen hasi nintzen. Familiako bazkarietan aita akordeoia jotzen ikusten nuen behin eta berriz eta uste dut bera ikusteak piztu zidala grina.

Zein ezaugarri izan behar ditu akordeoilari on batek?

Koherentzia. Horixe da lehen ezaugarria, garrantzitsuena. Obra batean teknika jakin bat erabiliz gero, karrera osoan barrena teknika horrekin koherente izatea ezinbesteko baldintza da. Norberaren abaniko musikala zabaltzea ere oinarrizkoa da. Espezializatzea oso ondo dago, baina alor guztiak ukitzea ere oso interesgarria da. Aro guztietako obrak koherenteki interpretatzeko gai izanez gero, goi mailako akordeoilari izatera irits zaitezke. Denetik pixka bat izatea, gauza jakin batetik asko izatea baina garrantzitsuago da niretzat.

Ezaugarri horien guztien bila Finlandiaraino joan zinen. Musikaren arloan, zer eskaintzen dizu herrialde horrek Euskal Herrian topatu ezin duzuna?

Hemezortzi urterekin nire ikasketak non bete erabakitzeko unea iritsi zitzaidan. Hiru aukera nituen. Batetik, Donostiako Musikenean hastea. Bertan, Iñaki Alberdi izango nuen irakasle eta berarekin klase bat izatea niretzat ohorea litzateke, egun munduan dagoen akordeoilari onenetariko bat baita. Bestetik, Zaragozako Conservatorio Superior de Música de Aragón delakoan Angel Luis Castaño-rekin ikasteko aukera nuen. Txikitatik nire gustuko akordeoilaria izan da. Azken aukera, Helsinkiko Sibelius Akademian Mika Väyrynekin ikastea zen.

Hamabi urte nituela, Mika Väyrynen Andoainera akordeoi kontzertu bat eskaintzera etorri zen. Bertara joan nintzen. Hamabi urterekin hasi berria nintzen mundu honetan eta nazioarte mailan hain ospetsua zen akordeoi jotzailearen kontzertua ikustera joan nintzen. Ordubete inguruko saioa eskaini zuen. Zoragarria izan zen (irribarrez dio). Gaur egun hainbatetan pentsatzen dut ea nola lortu zuen hamabi urteko ume hura ordubetez jarraian eserlekuan mugitu ere egin gabe egotea. Egun hartatik aurrera, Mikarenganako nire mirespena izugarria izan da.

Gauzak horrela, hemezortzi urterekin ez nuen zalantza gehiegirik izan. Asko zor diodan Salvador Paradak Mika Väyrynenekiko erreferentzia oso onak eman zizkidan. Paradak Sibelius Akademian sartzeko frogetarako prestatzen lagundu ninduen. Hainbatetan nire bigarren aita dela aipatzen dut; bere laguntzarik gabe auskalo orain non egongo nintzatekeen. Behin Sibelius Akademian onartuta, Finlandiara joatea erabaki nuen. Kultura berri bat ezagutzeak, nire ingelesa hobetzeak eta beste makina bat arrazoiek ere erabakia hartzen lagundu zidaten, noski.

Punta-puntako akordeoi-jotzaileak dituzu irakasle, ezta?

Nahiz eta Finlandiara iristean nire erronka Mikarekin ikastea izan, hainbat arrazoi bitarteko, Matti Rantanen izan zen nire irakasle. Goi mailako akordeoilaria hau ere. Urtero Arrasateko Akordeoi Lehiaketa famatuan hainbatetan epaimahaikide lanean aritua, besteak beste. Ikaragarri erakutsi dit. Munduan barrena milaka kontaktu ditu eta hauen artean ibiltzen inor ez bezala daki. Horretan hoberena da. Bera irakasle izanda, kontaktu ikaragarri ditut, mundu honetan mugitzen, guztia kudeatzen... ikasi dut.

Baina beti izan dut Mikarekin ikasteko gogoa. Berarekin harremanetan jarri nintzen, eta ni ikasle izatea proposatu nion. Mikaren ikasle izatea ordea, ezta lan mardula. Oso ikasle gutxiren irakaslea da. Ideia bat egitearren, hamabost klase-kide gara eta lauren irakaslea da soilik. Arazo hauek ekidin eta azkenean nire irakasle izatea lortu nuen. Bigarren ikasturtean —iazko urtean— izan nuen irakasle. Paregabea berarengandik ikastea, benetan!

Zure formakuntzan pisu handia izan dute eta izango dute maila goreneko bi akordeoi-jotzaile horiek. Baina, norberaren esfortzurik gabe ezinezkoa da iritsi zaren lekura heltzea.

Erdi mailatik goi mailarako saltoak aldaketa handia eragin zidan. Erdi mailan irakaslea zure gainean daukazu. Hamasei urte besterik ez dituzu eta irakaslearen jarraipena guztizkoa da. Aste honetan lehiaketa hau prestatu behar dugu, orain zati hau ikasi, hurrengoan bestea... Irakaslea duzu gidari. Baina, goi mailara iristean guztia aldatzen da. Antolamendua norberak egin beharreko lana da. Irakaslea gidaritza lanetik jarraitzaile lanetara pasatzen da. Zure lana gainbegiratzeaz eta zuri hainbat instrukzio emateaz arduratzen da. Puntu honetan norberak lanik egiten ez badu, akabo! Ez duzu lagunduko zaituen irakaslerik. Ondorioz, nik neuk planifikatzen dut nire urte osoa; zein lehiaketetan parte hartu, egunean entseguari zenbat ordu eskaini, zein kantu jo eta zein ez...

Eskainitako esfortzuari dagokionean, musikarion dedikazioak handia izan behar du. Ordu pila bat pasatzen ditugu eta horretan. Nire kasuan, esaterako, klase orduez gain egunean, bataz beste, bost ordu igarotzen ditut akordeoia eskuetan dudala. Instrumentua bera jotzea ez ezik, tekniken, teoriaren eta beste hainbat gairen ikasketa prozesuari ere eskaintzen diot denbora.

Urteotan egindako lan horren fruitu dira goi mailako lehiaketetan irabazitako sariak. Zein esanahi dute zuretzat?

Hemezortzi urte bete arte aurrez aipatutako Arrasateko lehiaketan parte hartu nuen. Eta egia esan oso ondo joan zitzaidan. Gipuzkoako lehiaketa da ofizialki, baina, Espainiako hainbat lagun etortzen dira lehiatzera. Bi aldiz irabaztea lortu nuen eta garaipen horiek aurrera jarraitzeko indar handia eman zidaten. Lehiaketetan postu ona lortzeak hobetzen jarraitzeko kemena ematen du.

Hemezortzi urte bete nituenean, Euskadiko Musikari Gazteak lehiaketan parte hartu nuen. Kasu horretan, akordeoi-jotzaileak soilik lehiatu beharrean, edozein instrumentu jotzen duten musikariak lehiatzen dira. Bi alditan irabazi nuen.

Nazioarterako saltoa joan den maiatzean eman nuen. Klingenthal Accordion Competition eta Coupe Mondiale lehiaketetan, hain zuzen ere. Lehen kasuan laugarren postua lortu nuen, bigarrenean aldiz, zazpigarren.

Nire lana munduari erakusteko balio didate lehiaketek. Azken batean, nik akordeoia ez dut soilik niretzako ikasten, baizik eta musika egitearren ikasten dut. Eta zer da musika? Norberak disfrutatzen duen bitartean besteari disfrutaraztea. Bai kontzertuek eta bai lehiaketek urte guztian eginiko lana erakusteko balio didate, eta, aldi berean, jendearengandik errekonozimendua jasotzeko. Gainera, jendea ezagutzeko ere aukera paregabea da. Musikaren mundua kontaktuen mundua da. Akordeoiaren mundua hain da txikia, denok ezagutzen dugula elkar.

Lehiaketetan aritzeak ez ezik kontzertuak eskaintzeak ere badu bere xarma. Joan den ostiralean Ura Iturraldek eginiko argazki erreportajearengatik trukean Aranburu Jauregian kontzertua eskaini zenuen, besteak beste.

Nire ideia izan zen. Facebooken bitartez izan nuen Kulturtruk egitasmoaren berri, eta Ura Iturralde argazkilari ezin hobea dela jakinda, trukea proposatu nion. Hunkigarria izan zen. Harrera oso ona izan zuen; etxean jotzea beti da polita. Familia, lagunak, ezagunak dituzu zuri begira, eta beste modu batera jotzen duzu. Azken finean, urte asko etxean jotzen ez dudala, eta faltan botatzen nuen. Esperientzia zoragarria, hortaz. Uraren argazkiak paregabeak dira eta berak ere nik uste kontzertuaz disfrutatu zuela.

Denbora daramazu kanpoan. Euskal Herrira itzultzeko asmoarekin joan zinen?

Argi dut nire etxea hau dela eta beti izango dela [Euskal Herria]. Ez dakit non bukatuko dudan, ordea. Urtean bitan etorriko naiz ziur, familia ez ezik, lagunak eta hitzez azaldu ezin diren beste hainbat gauza faltan botatzen ditut. Baita argi falta ere (barre artean). Finlandian ez naiz ohartzen baina bertara etorritakoan segituan konturatzen naiz.

Goi Mailako Kontserbatorio batean klaseak ematea da nire ametsa eta hemen betetzea ez da erraza izango. Kanpora joateko ez dut arazorik, gustura bizi naiz atzerrian ere. Baina oraindik azkarregi da non biziko naizen esateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!