Laster hasiko dira 'eraikitzen'

Jon Miranda Labaien 2015ko abe. 4a, 09:00

Irurako Ikastolak 2016an zehar Haur Hezkuntzako eraikin berria egingo du aurrekoaren ondoan.

226 ikasle ditu Irurako ikastolak. Haur Hezkuntzako lau gela eta Lehen Hezkuntzako zazpi. Linea bateko ikastetxea da eta 18 hezitzaile aritzen dira guztira. 142 familiek osatzen dute komunitatea.

Larraitz Agirrezabala ikastolako zuzendariak emandako datuen arabera, «hirukoiztu egin da ikastola urte gutxitan». 2008an sendotu zen Irurako ikastolaren proiektua. Orduan Lehen Hezkuntza osoa kontzertatzea lortu zuten eta urte horretan estreinatu zuten eraikin berria. Iratxe Ramirez ikastolako lehendakariaren esanetan, «proiektu osoak Haur Hezkuntzako eraikina hartzen zuen bere baitan. Baina gerorako utzi zen asmo hori, momentu horretan ezin zitzaiolako ekonomikoki aurre egin eta bestela ere, plazan udalak zituen eraikinak baliatzeko aukerak zabalik jarraitzen zuelako».

2008an zabaldu zen eraikin berrian Lehen Hezkuntzako eta bost urteko gela bat daude kokatuta. Gainerako Haur Hezkuntzako gela guztiak plazan daude, baita jangela ere. Elizarena den eraikina erabiltzeko alokairua udalak ordaintzen du.

Duela bi urte jaso zuten udal ordezkarien deia Agirrezabalak azaldu duenez: «Jakinarazi ziguten lokal falta zutela herrian eta herritarren erabilerarako behar berriak sortu zitzaizkiela». Irurako Udalak aurretik egin gabe geratu zen eraikinari heltzeko proposamena luzatu zion ikastolari.

Finantzabideen inguruan hitz egiteko prestutasuna ere agertu zuen udalak. «Kooperatiba integral bat da ikastola eta eragile ezberdinek hartzen dute parte. %35 dute gurasoek, %35 irakasleek eta %23 udalak», aipatu du Agirrezabalak. Hain justu, «negoziazio fase batean sartu ginen eta udalarekin dugun hitzarmena berritzea eta epean luzatzea lortu genuen. 10 urteko iraupena du maiatzean sinatu genuen hitzarmenak».

Elkarlanerako dagoen giroa nabarmendu du Ramirezek: «Herrirako egitasmo bat da ikastolarena. Komunitatearen zentzuan sakondu nahi dugu, badakigulako herriaren motorra dela ikastola. Herriko bizitzarekin lotura zuzena du ikastetxeko jardunak».

2007-2008 ikasturtean zabaldu zen eraikin berria oraindik ere ordaintzeko dute, «baina kredituak aurrera ateratzeko bideak aurkitu dira eta agerian geratu da proiektua ondo doala», dio Ramirezek. Momentu egokia dela uste dute inbertsio berrietan sartzeko.

Ez dakite zenbateko kostua izango duen zehazki eraikin berriak. Enpresa eraikitzailea zein izango den erabakiko da datozen asteetan eta hor zehaztuko dira kopuruak. Ikastolako lehendakariaren esanetan, «gastuaren %100 mailegutan eskatuko dugu. Dagoeneko estimazio batekin jo dugu hiru banketxeetara eta orain kopuru zehatzagoetan sartu beharko dugu».

Udalarekin duten hitzarmenaz gainera, beste erakundeetara ere joko dute diru laguntza eske. Gainerakoan, dirua lortzeko ohiko ekimenetara joko dute: festetan jartzen den taberna, urtero antolatzen duten rallysprinta... «Oraingoz, epe motzera ez dugu aurreikusten Kilometroak festa berriz herrira ekartzea. Inplikazio eta mobilizazio handia eskatzen du eta ondo neurtu beharko litzatekeen erabakia da».

Eraikuntza batzordea

Duela bi urte inguru Irurako ikastolan proiektu honekin hasi zirenean, Eraikuntza batzordea deitutakoa osatu zuten. «Gurasoak, irakasleak, zuzendaritzak eta Ikastolen Elkarteko aholkulari teknikoak parte hartu dute batzordean eta erabaki guztiak bertan hartu dira», dio Ramirezek. Ideia zehatzik gabe, pixkanaka joan dira irizpideak zehazten, espazioa ahalik eta gehiena aprobetxatu nahian. Beste ikastola batzuetara bisita egin dute hango errealitateak ezagutzeko.

Ikastolako lehendakariak azaldu duenez, «batzordean ikusten genituen beharrekin plegu bat osatu genuen eta lau arkitekto taldek proposamenak luzatu zituzten». Ager Iñarraren proiektua aukeratzea erabaki zuten kudeaketa batzordean: «Espektatibak gainditu zituen eta arkitektonikoki eta pedagokigoki aproposa iruditu zitzaigun».

Espazioa barrutik eta kanpotik nola bizi nahi duten galdetu diote elkarri eta emaitza argitasun handiko eraikin bat izango da. Gelak elkarren artean komunikatuko dira eta kanpoarekin lotua egongo da. Bi eraikinen artean, publikoa izango den gune bat geratuko da, herriak aprobetxatu ahal izango duena.

Proiektu hau gauzatzen denean herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea da ikastolaren asmoa Agirrezabalaren ustez, «gune bakar batean bildu, erosoago egon eta familia moduko batean bihurtuko gara, ikastolaren filosofiara gehiago hurbilduz. Anai-arreben arteko eta adin ezberdinetako umeen arteko harremana errezagoa izango da». Aurrematrikuletan ere horrek eragina izatea espero dute, gaur egun, Iruran eskola garaian dauden umeetatik heren bat herritik kanpoko ikastetxeetara joaten baita ikastera.

Urtarrilean jarri asmo dute lehen harria eta 2016 urte bukaerarako eraikin berria prest egotea nahi dute. Irurako ikastolaren proiektua sendotzen lagunduko du egitasmo honek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!