Marimi Ugalde: «Agintzeko ez, herritarrei zerbitzatzeko dago alkatea»

Ainara Arratibel (Berria.eus) 2015ko aza. 15a, 11:35
Marimi Ugalde aurtengo festetan (J. Miranda)

Umeak eta Irurako herria. Horiexek izan ditu pasio Marimi Ugaldek (Elduain, Gipuzkoa, 1940). Erretiroa hartuta egon arren, haien alde lan nekaezina egiten du oraindik. «Baina alkate izateak dakarren presiorik gabe».

Irurako udaletxeko bulegoan baino gutxiago izan arren, adinekoen elkarteko bulegoko mahaia paperez betea du Marimi Ugaldek. Hamasei urtez Irurako alkate jardun arren, nekaezina da, eta ilusioz mintzo da esku artean duen proiektu berriaz: Irura lagunkoia. Alkate zenean bezala, herritarren beharrak jakitea eta haien egunerokoa hobetzea du helburu egitasmo horrekin. «Herritarren bati ezetz esan behar izatea izan zen alkate garaiko gauzarik gogorrena». Agintean egon zenean haiengandik jasotako babesa eskertzen jarraitu nahi du, nolabait. Bilobak eta futbola ditu beste bi zaletasunak

2011n utzi zenuen alkate kargua, baina Iruraren alde lanean jarraitzen duzu: umeen dantza irakasle, adinekoen elkarteko lehendakari... Bizimodu lasaiaren beharrik ez duzu?
Beharra beti izaten da, baina hainbeste urte udalean eman ostean, garbi nuen herriaren alde lanean jarraitu nahi nuela, beste modu batera bazen ere. Batetik, uste nuen adinekoei lagun niezaiekeela, hainbeste aipatzen den zahartzaro hori aurrera eramaten. Besteak beste, astean behin memoria lantzeko eskolak ematen dizkiet; bestalde, ume txikienei euskal dantzak irakasten dizkiet. Horrek ere asko betetzen nau. Astean bitan ematen dizkiet. Urteak daramatzat horretan.

Herrian oraindik ere geratzen al zaituzte laguntza eske?
Lau urte pasatu dira, eta jendea ohituz doa. Baina, onerako eta txarrerako, beti eramango dut alkate zigilu hori. Jendeak oraindik ere geratzen nau, bere arazoen eta abarren inguruko gauzak galdetzeko. Gogoan dut alkate nintzela, senarrarekin joan, eta jendeak ni agurtzen ninduela. Berak, umoretsu, zera esaten zien: «Eta, ni, zer?».

Alkate, irakasle, zaharren elkarteko lehendakari... Nor da Marimi Ugalde?
Horixe jakin nahiko nuke nik!. Lan desberdinak dira, baina, nire ustez, jendea laguntzen eta zerbitzatzen saiatzen den pertsona bat naize. Irurako herria asko maite dut, eta beti prest nago haren alde edozer egiteko. Nire nahia beti izan da, eta da, Irura hobe bat egitea. Esku artean dudan azken proiektua Irura lagunkoia da. Herritarren artean galdetegi bat egiten ari gara, herriaren beharrak ikusi eta Udalarekin batera behar horiei erantzuteko. Dena den, ororen gainetan, Marimi naiz, jaio nintzenetik hiltzen naizen arte.

Herriaren aldeko lan horiek alkate izateak dakarren presiorik gabe egitea; antzemango duzu, ezta?
Erosoago nabil, eta ez dut hainbesteko presiorik. Beste lasaitasun batekin ari naiz. Dena den, ardurak hartzen ditudanean gauzak ondo egitea gustatzen zait, eta dena ematen dut. Adibidez, adinekoen elkarteko presidente kargua hartu nuenean, ikusi nuen, beste adinekoen elkarte gehienetan bezala, egiten edo eskaintzen zen gauza bakarra bingoa eta kartak zirela. Orain, tarteka, hitzaldiak antolatzen ditugu, memoria lantzeko eskolak eman... Elkartea dinamizatzen saiatu gara, eta, batez ere, zahartzaro aktibo eta positibo bat sustatzen. Izan ere, uste dut aktibitatea eta positibismoa direla zahartzaro on bat edukitzeko gakoetako bi.

Oraindik ere deitzen dizute udaletik laguntza eta aholku eske?
Ba, hortxe ibiltzen naiz hara eta hona. Ni, izandako esperientzia kontuan hartuta, gomendioak ematen saiatzen naiz. Baina azken erabakia beraiek dute.

Alkate izan aurretik, ordea, irakasle izan zinen. Amonaren eragina izan omen zen.
Halaxe da. Zazpi anai-arreba gara, ni zaharrena, eta lau neskak irakasleak izan gara. Aitaren amona, Joxepa, irakasle izan zen Elduainen. Nik bost urte nituela, Irurara etorri ginen gurasoekin. Baina opor guztietan amonarengana joaten ginen. Izeba bat ere bagenuen Nafarroan irakasle, eta harekin ere egoten ginen. Beraz, beti ibiltzen ginen irakasle artean. Garai hartako irakasle gehienak bezala, oso zorrotza eta gogorra zen amona. Oporretan egon arren, etxeko lanak jartzen zizkigun. Baina oso oroitzapen onak ditut. Haren ikasle izandakoak ezagutzen ditut, ni baino zaharragoak direnak, eta beti esaten didate dakiten guztia amonari esker dakitela, eta oso ondo irakatsi ziela idazten, ez dutela ortografia akats bakar bat ere egiten.

Jarraitu irakurtzen berria.eus atarian

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!