Irurako toki izen guztiak mapa batean

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 4a, 16:14

Mapa toponimiko berriarekin batera, Irurako kale izendegi berria eman dute argitara

Urkizuegi, Jeztegieta, Belarlabakizarra, Intsausti, Zoibe, Igartzeta... Irurako mapa toponimiko berrian ageri diren izenak dira. Jexux Mari Arsuaga irurarrak gustuko duena, ordea, Azkonartokieta da: «Azkonarrak galdu dira hemen baina garai batean ibiliko ziren franko. Niretzat guztietan izenik kuriosoena hori da».

Aurretik bazen beste mapa bat Iruran, baina hura berritu egin dute eta galtzear zeuden zenbait erreka eta toki izen berreskuratu dituzte. Arsuaga bezala, beste herritar askok hartu dute parte mapa osatzen: Pedro Mari Pasaban, Joxe Brit, Jose Luis Olano, Idoia Olano, Alex Lasa, Ainhoa Ugalde, Joxi Lasa, Iñaki Arregi eta Marimi Ugalde. Guztiak hartu ditu gogoan Ana Leunda alkateak: «Eskerrik asko, zuen laguntza estimatzekoa da. Lan polita eta txukuna osatu da zuen lanari eta borondateari eskerrak». Orain, mapa toponimikoaren ale bana banatuko da etxez etxe. Alkateak esan duenez, «merezi du etxean edukitzeak eta tarteka begiratzeak».

Villabona eta Tolosarekin egiten du muga Irurak eta ibaiaren bestaldean Anoetarekin. Mugarri zaharrak berreskuratu dituzte herrian eta horri eskerrak Iruraren mugak ezarri ahal izan dituzte.  «Hurrengo lana Tolosarekiko mugak gehiago zehaztea izango da, horko mugarriak galduta baitaude», azpimarratu du Arsuagak. Gogoan izan du, baita ere, Joxe Brit herritarra: «Berak terreno guztiak ezagutzen ditu eta izenak nondik datozen edota artzain ibiltzen ziren garaiko ohiturak jaso ditu urteetan zehar. Asko zor diogu». Mapa toponimikoan ezagunak diren bailarak azaltzen dira: Ibaoiondo, Katategi edo Laskibar, esate baterako, «inguru horretan zeuden baserri eta mendietatik jasotako izenak dira».

Kale izendegi berria

Asko hazi da Irura azken urteetan eta auzuneetan kale berriak sortu dira. Arsuagak esan duenez, «garai batean Kale Nagusia baino ez zegoen hemen». Beharraz jabetuta, aurreko legealdian parte hartze prozesua abiatu zuen udalak. Zazpi kale dira izen berria edukiko dutenak. Garai batean errota zegoen tokiari, Errota kalea izena jarri diote eta ingurune horretan duela gutxi arte egon den paper fabrikaren Etxezarreta izena hartu du beste batek.

Aurretik Peio Arrese-Igor pilotari zenari kalea eskainia zioten Iruran eta izendegi berriarekin, Eladia Altunaz oroitu dira. Etxebizitza berrien ondoko kaleari jarri diote puntako rakestista izandakoaren izena. Berria da, baita ere, Patxiku Pagadizabal izena: «Patxiku Txiki deitzen genion guk; herriko mutil koxkorrei solfeoa erakusten zien eta koruko zuzendaritza lanak egiten zituen. Baserritarrei paper kontuetan asko laguntzen zien eta labore handia egin zuenez kaleari izen hori jarri diogu», dio Arsuagak. Koska eta Troska galdutako toponimoak ere berreskuratu dituzte.

Izen guztiak Euskaltzaindiak berrikusi ditu eta mapa berrian ortografia zuzenarekin. «Jeiztieta esaten genion guk, baina Jeiztegieta idazten omen da, nonbait».

Amplistroma longicollis

Izen hori du munduan bakarra den eta Iruran topatu den perretxiko espezieak. 2009ko irailaren 9an harrobiaren eta Loatzoko bordaren arteko basoetan aurkitu zuen Pedro Maria Pasabanek, Aranzadiko mikologia saileko kideak.

«Lurrean etzanda dauden Pinus Nigra pinu espeziearen enborraren azpialdean hazten da perretxiko mota hau. Espezie hau Alcalako Unibertsitateak ikertu eta bakartzat hartu zuen», azaldu du Pedro Maria Pasabanek.

Perretxiko espezie berriak asko izaten dira baina, arretarik ez zaie jartzen, normalean. Amplistroma longicollis izenekoa ez da jatekoa eta egurrean ateratzen da. Pasabanek eman ditu horren inguruko argibideak: «Oso ez ohikoa den perretxiko talde batean kokatzen dute. Sei mota bereizten dira eta antzekoak topatu dituzte Nikaraguan, Afrikan edo AEBn. Semi-tropikala da». Pixkanaka gure basoetan ezartzen ari diren zuhaitz mota berriak bertakoekin nahasterakoan sortzen diren perretxiko espiezeak dira Pasabanen esanetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!