Alkateei elkarrizketak

Ana Leunda: "Edukiontzi bidezko zabor bilketa jarriko dugu"

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 8a, 08:00

Alkatetzara iritsi eta lehen egunetan informazio asko jaso zuela aitortzen du Ana Leundak (Tolosa, 1956). Pixkanaka neurri hartu eta egokitzen ari dela dio, datozen lau urteetarako proiektuak buruan.

Zein balorazio egiten duzue aurtengo San Migel festen inguruan?
Balorazio oso ona egiten dugu. Jende asko ibili da eta gustu guztientzako jaiak prestatu genituen festa batzordearekin elkarlanean. Eguraldiak ere lagundu digu eta dena ondo atera da, primeran.

San Migel egunez, festen barruan, Marimi Ugalde herritarra omentzea erabaki zenuten. Aspalditik zeneukaten pentsatuta?
Ez. Azken orduan erabaki genuen. Iruditzen zaigu herritar horrek omenaldi txiki bat egitea merezi duela. Erretiratuekin, dantzari txikiekin aritzen da beti laguntzeko prest. Udaletxean ere lan handia egin du. Saltsa guztietan sartuta dabilen emakumea da.

Festetan pankarten inguruan sortu den gatazkaren inguruan zer duzue esateko?
Iruditzen zaigu, festak eta pankartak ez direla nahastu behar. Jaiak ondo pasatzeko baliatu behar dira, beste gauza guztiak aparte utzita.

Espero al zenituzten udal hauteskundeetako emaitzak?
Herritarrek esandakoari kasu eginda hortxe hortxe ibiliko ginela uste genuen. Lan handia egin genuen kanpainan herritarrekin hitz egiten. Partaidetza handia izan zen gure hautagaitzaren inguruan.

Aurreko udal gobernuaren lana nola baloratzen duzue?
Pentsatzen dugu guri ez dagokigula hori egitea. Herriak hauteskundeen egunean eman zuen bere balorazioaren berri. Ondo egindakoari jarraipena emango diogu eta mejoratu daitekeena hobetzen saiatuko gara datozen lau urteetan.

Kanpainan jasotako ekarpenetan zer azpimarratu zuten herritarrek?
Hutsuneak nabarmendu zituzten, nagusiki, eta horiek gure programan sartzea erabaki genuen.

Udal bandoetan bi hizkuntza ofizialak erabiltzearen alde egingo duzue. Zergatik?

Herritarrek horrela eskatu digutelako. Guk ahalegina egingo dugu komunikazioan eta gardentasunean eta Foru Aldundiak jarritako irizpideak aplikatuko ditugu herrian.

Atez atekoa kentzeko konpromisoa hartu zenuten kanpainan. Beteko duzue hitz emandakoa?
Guk hartutako konpromisoak beteko ditugu, beti ere gaia ondo aztertuta eta arduraz jokatuta. Tolosaldeko Mankomunitatearekin adostuta hartuko dugu erabaki hori. Bere garaian galdeketa egin zen herrian eta aurreko udal gobernuak ez zituen emaitzak onartu. Beraz, ez dugu horrelako beste erreferendumik egiteko asmorik. Guk esan genuen udalera iritsiz gero sistema aldatuko genuela, argi eta garbi agertzen zen gure programan. Hauteskundeen emaitzak hor daude eta orain, hitz emandakoa betetzea dagokigu. Momentuotan zain gaude mankomunitatetik zer erantzungo diguten.

Zein da Irurako Udalaren egoera ekonomikoa?
Krisi garaian, diru kopuru dezente gastatu da, adibidez, zaborren bilketa sisteman. Gerakina jaitsi egin da baina, hala ere, egoera ekonomikoa ona dela esan dezakegu.

Industriagune handia du Irurak. Zein neurri hartuko dituzue ehun hori mantentzeko?
Gutxi gora behera, Iruran, 70 enpresa dauzkagu. Banan banan ari gara haiek bisitatzen, haien ideiak eta kezkak jasotzen. Bisitak hasi ditugu dagoeneko. Badirudi krisitik ateratzen ari direla eta egoera hobetzen ari dela. Udaletxetik aurrena entzun eta harremana sortu nahi genuke herriko enpresariekin.

Saltoki falta badago Iruran?
Bai. Sektore hau indartu nahi genuke, merkatal ganbararekin elkarlanean. Gehiena harategi eta arrandegiaren falta sumatzen da. Anoeta, Villabona edo Tolosara joan behar da jendea horretarako eta behin hara joanda erosketa guztia egiten dute herritik kanpora. Arduratuta gaude gai honekin.

Enplegua sustatzeko zein neurri hartuko dituzue?
Krisi garaian, udalak enplegua sortzeko neurriak har ditzake. Tolosaldea Garatzeneko kontseiluan sartuta gaude eta bertatik bideratuko dugu gaia.

Etxebizitza berririk egitea aurreikusita al dago?
Asko hazi da Irura azken urteetan. 60 etxebizitza berri entregatu dira duela gutxi. Udalaren aldetik ez dago proiektu berririk baina lurra badago etxebizitza berriak egiteko. Partikularrak etortzen badira berriak egiteko asmoarekin, gu prest gaude proposamenak entzuteko.

Etxebizitza asko al dago hutsik herrian?
Gaia aztertzen ari gara. Iruran, %100 errekargua kobratzen zaie hutsik dauden etxebizitzei eta guri gehiegizkoa iruditzen zaigu. Ikusiko dugu zein neurri hartu norabide horretan.

Ume asko dago Iruran eta gehiago ere etorriko dira.
Bai eta hori aurreikusi beharra dago. Ikastola txiki geratu da eta aldamenean beste eraikin bat egiteko proiektua dago. Aurreko udal gobernuak eta Ikastolak elkarrekin hitzarmena sinatu zuten eta 10 urtez, urtero 75.000 euroko laguntza ematea adostu zuten. Guk konpromiso horri eutsiko diogu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!