Bakarkako lana aurkeztuko du Iker Laurobak Iruran

Ataria 2015ko mai. 29a, 09:58

Iruran antolatu duten Maiatza Kulturalaren barruan, gaur, 18:00etan antzerki taldekoen emanaldia izango da; 19:00etan kultura arteko pintxo poteoa egingo dute eta 20:00etan Iker Lauroba ariko da emanaldia eskaintzen. Datozen asteetan kaleratuko du bere bakarkako lehen lana eta bertan jasotakoekin osatuko du gaurko kontzertua.

Zergatik abiatu duzu orain bakarkako ibilbidea?

Laurobaren proiektuak aurrera darrai eta kontzertuak eskainiko ditugu ekainean zehar. Baina, nik banituen abesti lasaiago batzuk taldearen ildotik kanpora geratzen zirenak. 14 kantu bildu eta diskoa grabatzera animatu naiz.

Kantuaren hitz guztiak Harkaitz Canok prestatu ditu.

Nik ez diot mugarik jarri. Nahiago izan dut abestiak berari bidali eta ikustea musikak zer iradokitzen zion. Eta nik sentitzen nituenaren oso antzeko sentitu ditu berak. Umorea eta ironia ere landu du hitzetan eta oso gustura geratu naiz emaitzarekin.

Musikari askoren kolaborazioa jaso duzu diskoa osatzeko. Zein ekarpen egin dute?

Babestuago sentitzen naiz jende horren laguntzarekin. Fredi Pelaezen estudioan grabatu dugu diskoa, ordu libreetan. Berak dituen kontaktuekin eta nik eramandako musikariekin osatu dugu diskoa. Tartean, hemen ingurukoak ere izan dira: Beñat Barandiaran zizurkildarra eta Leire Berasaluze billabonatarra, esate baterako. Gaurko emanaldian, adibidez, Iñigo Asensiok lagunduko dit teklatuan.

Zein estiloko kantuak dira bildu dituzunak?

Diskoa grabatzen denbora luzea eman dugu eta kantuei haize eta hari moldaketak egin dizkiegu. Jazz ukitua duten kantuak badaude, pop estilokoak ere sartu ditugu eta badira intimistagoak ere, gitarra soil batekin ematen ditudanak.

Zuk ekoitzitako diskoa izango da Zeru tolesgarria izenekoa?

Bai, hala da. Ez dut handinahirik disko honekin. Barruan nituen kantuak dira eta kapritxo moduko bat izan da. Lagun arteko kontu bat izan da eta ekainean ikusiko da emaitza. Nire asmoa proiektu honekin jarraitzea da eta Laurobako lanarekin tartekatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!