Hauteskundeak 2015. Emaitzak

EAJk Irurako alkatetza lortu du

Ataria 2015eko maiatzaren 24a

Ana Leunda izango da datozen lau urteotan Irurako alkate. 419 boto lortu ditu jeltzaleak, eta EH Bilduk, berriz, 315 boto eskuratu ditu.

Ana Jesus Leunda izango da datozen lau urteetan Irurako alkatea.EAJ izan da garaile bertan, 419 boto eta bost zinegotzi eskuratu ditu. EH Bildu izan da bigarren indarra, 315 boto eta lau zinegotzi eskuratuta. PSEk 22 boto lortu ditu, baina zinegotzirik ez. 38 boto txuri ere izan dira Iruran.

2011ko udal hauteskundeetan izandako emaitzekin alderatuta, gorakada eta beherakada nabarmenak izan dituzte zerrendak aurkeztu dituzten hiru alderdietan. Alderdi jeltzaleak esaterako,ia laukoiztu egin ditu emaitzak; duela lau urte 120 boto lortu baitzituen, eta atzo, berriz, 419 lortu zituen. Gauzak honela, zinegotzi bakarra izatetik, gehiengoa izatera pasa dira, bost zinegotzirekin.

EH Bilduk, berriz, beherakada nabarmena jasan du. Zinegotziak erdira jaitsi ditu, duela lau urte zortzi baitzituen eta orain lau eskuratu ditu. Botoei dagokienez, duela lau urte 489 eskuratu zituen. PSEk ere beherakda izan du, 54 boto izatetik 22 izatera pasa baita.

Emaitza «oso onak»
Aipatu bezala, Ana Jesus Leunda izango da Irurako alkate datozen lau urteetan. Emaitzak jaso eta laster egindako balorazioan Leundak batez ere botoa ematera joan ziren irurarrak izan zituen gogoan: «Eskerrak eman nahi dizkiet bihotz-bihotzez konfiantza eta babesa eman diguten 419 irurarrei».

Atzokoan lortutako emaitzak «oso onak» izan direla azpimarratu zuen Leundak, zinegotzi «bakarra» izatetik, «gobernatzera» igaro baitira. Hortaz, «paregabeko» emaitzak lortu dituztela azpimarratu zuen Leundak.

Emaitzen balorazio sakonagoa datorren astean burutuko duten arren, Leundak adierazi zuen, datozen lau urteetan euren programan biltzen zituzten hamar puntu horiek «betetzen» saiatuko direla eta horixe izango dela auren egitekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!