Speeda egiteko laborategi bat desegin dute Iruran

Ataria 2015eko apirilaren 28a

Ertzaintzak speeda edo anfetamina egiteko material ugari zuen laborategi bat desegin du duela gutxi Irurako etxebizitza batean. Gizonezko bat atxilotu dute.

Erregistroan, ertzainek honako hauek aurkitu dituzte, anfetamina-oinarri batetik droga egiteko erabiltzen diren beste elementu kimiko eta materialen artean: 7,5 kilo speed, marihuana kilo bat, kafeina anhidro hautsaren 50 kilo, azido sulfurikoa eta metil-alkohola. Agenteek etxebizitzaren jabea atxilotu dute.  Ertzaintzaren ikerketak zabalik jarraitzen du eta ez da baztertzen beste atxiloketarik egotea.

Ikerketa aurtengo urte-hasieran ireki zen, zenbait pertsona substantzia estupefazienteen trafikoan nahastuta egon zitezkeelakoan; haietako batzuk, polizia-aurrekariak zituzten Gipuzkoan, delitu bera zela-eta. Hala, Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuak zaintzeko eta jarraipena egiteko jarduera-sorta bat abiarazi zuen.

Ikerketaren hariari tiraka, Irurako industrialderaino iritsi ziren agenteak; han, ustezko bi inplikatuk bidoiak eta bestelako material susmagarriak sartzen zituzten. Horrek guztiak etxe barruan anfetamina sintetizatzeko laborategi bat zegoela pentsarazi zien.

Ostiralean egin zuten operazioa, gaueko lehen orduan, eta bertan laborategia zaintzeko arduraduna, 43 urteko gizonezko bat, atxilotu zuten. Tolosako Instrukzioko 4. epaitegiaren aginduari jarraiki, ertzainek etxean sartzeko eta hura erregistratzeko operazio bat egin zuten; geletako batean zegoen laborategia desegin eta materialak hartu zituzten. Horrez gain, substantzia eraldatzeko prozesurako tresnak hartu zituen Ertzaintzak: lapikoak, irabiagailuak, inbutuak, doitasun-balantzak, PH-neurgailuak, babes-maskarak, eskularruak eta hutsean ontziratzeko poltsak, baita marihuana kilo bat eta 6.700 euro ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!