Miguel Angel Manjón Irurako hautagai sozialista

Ataria 2015eko apirilaren 13a

Ogibidez naturopata da eta bederatzi urte daramatza Iruran bizitzen. Edukiontzien bidezko hondakinen bilketa berreskuratzea proposatu du, bostgarren edukiontziari bultzada berezia emanez. Enpleguaren sorreraz, industriaren bultzadaz eta euskararen erabileraz hitz egin du hautagai sozialistak.

"Kontsentsuan eta elkarrizketan oinarritutako politika bat kudeatu behar da udaletxetik eta gure herriak ikuspegi integratzailea behar du, inposizio guztietatik urrun", aipatu du Manjonek. Irurako gobernagarritasunean eragina izatea espero du hautagaiak eta udaletxean bere presentzia erabakigarria izatea datozen lau urteetan.

Gaikako bilketan datu onak emango dituen sistema baten alde egiteko asmoa du hautagai sozialistak. "Bilduk proposatzen duen atez atekoaren aurrean edukiontzien bitartez egindako bilketa garbi, eroso eta merkeagoaren alde egiten dugu". Bereziki bostgarren edukiontzia bultzatzearen alde egin du Miguel Angel Manjonek.

Kalitatezko zerbitzu publikoak eta enplegua sustatzeko neurriak hartzeko asmoa du Irurako Udaletik PSE-EEko zinegotziak. "Herriak erreferente industriala izaten jarraitu behar du eta ezin dugu onartu bertan kokatuta dauden enpresek Irura uztea". Herriko ekonomian Udalak eragile aktiboa izan behar duela uste du Manjonek. 

Bukatzeko, euskararen inguruan Bilduk egin duen "erabilera politikoaz" hitz egin du sozialistak. "Euskara defendatzen dut, baina inposiziorik gabe, planteamendu anitz batetik. Horregatik hizkuntzak herritarren zerbitzura jarri behar dira eta ez alderantziz". Udalean ordezkaritza lortzen badu, Manjonek esan du lan egingo duela "herritar guztiak Udalarekin bere hizkuntzan harremanetan jarri ahal izan daitezen. Bandoak, ohar ofizialak edo jai egitarauak elebitan eman daitezen ahaleginduko naiz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!