Segurtasun kamerak plazan

Jon Miranda Labaien 2015ko mar. 20a, 12:58

Irurako Udalak bi segurtasun kamera ezarri ditu herriko San Migel plazan. Herriko erdigunea oinezkoentzat irabazi eta segurtasun neurriak handitzeko asmoz egin dituzte trafiko aldaketak.

Gaur egun bi sarbide ditu Irurako plazak. Udaletxearen atzealdekoa mugatua da. Pibota baten bitartez erregulatzen dute trafikoa. Lanegunetan itxita egoten da 8:30etatik 12:30etara eta 14:00etatik 20:00etara. Ordutegi horretan baimendutako bizilagunek bakarrik dute sartzeko eskubidea, horretarako eman zaien txartelaz baliatuta. Larunbatetan, 13:00etatik 20:00etara eta igande eta jaiegunetan 8:30etatik 20:00etara ixten dute sarbidea. «Baimena eskatuz gero, pibotaren ondoan dagoen txirrina jo eta plazara sartzeko pasoa eman dezakete bulegotik egoki ikusten bada». Horrela adierazi du Joxi Lasa herriko langileak.

Plazara sartzeko bigarren sarbidea Enara tabernaren ondoan dago. Bide hau aukeratzen dutenek, ordea, ezingo dute plazaraino sartu, elizaren atzeko gunera bakarrik iritsi ahal izango dira.

Herriko bi puntu horietan jarri ditu kamerak Irurako Udalak. Neurri hauek hartu zirenetik istripu batzuk ere gertatu dira. «Zenbait ibilgailuk pibotaren kontra jo dute nahigabe eta kalteak eragin dituzte». Bestalde, sumatu dute gidari askok ez dituztela trafiko arauak errespetatzen: «Enara ondoko bidetik sartu eta kontrako noranzkoan sartzen dira plaza barruraino».

Jarri diren bi kamerekin irregulartasun horiek kontrolatuko dira eta aipatu dutenez, «dagoeneko martxoa hasieratik hasita gaude lehen isunak bidaltzen». Trafikoa kontrolatu eta sarrerak zerrendatzeko ere balioko dute kamerek.

Irurako Agenda 21aren barruan markatutako helburuei erantzuten diete neurri hauek. Joxi Lasaren esanetan «segurtasun irizpideak bete behar ditugu, herriko plazan haur asko ibiltzen baita. Gurasoak askotan ume bila kotxez etortzen dira eta ohitura horiek aldatu nahi ditugu, ahal den neurrian».

Irurako erdigunean distantziak motzak dira. Udalak oinez ibiltzeko ohitura sustatu nahi du herritarren artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!