Desfibriladorea Iruran

Jon Miranda Labaien 2015ko mar. 20a, 12:26

Hemendik aurrera, kirolgune, merkataritza gune eta hezkuntza zentroek desfribriladore automatikoak jarri beharko dituzte beren instalazioetan. Duela urtebete Tolosa CFko kapitain Urtzi Gurrutxagaren heriotzaren ondoren hasi ziren bere senitarteko eta lagunak eskaera hori egiten.

Urtarrila bukaeran, dekretu bidez hartu zuen erabakia Eusko Jaurlaritzak. Merkataritza gune handietan eta 2.000 ikasle baino gehiagoko ikastetxeetan jarri beharko dira aparailuak. Era berean, 700 lagunetik gora biltzen dituzten ekitaldi publikoetan ere derrigorrezkoak izango dira.

«Iruran berez ez gaude legez desfibriladorea jartzera behartuta, baina interesgarria iruditu zitzaigun badaezpada horrelako aparailu bat eskura izatea», adierazi du Ainhoa Ugalde Irurako alkateak.

Desfibriladorea jende gehien ibiltzen den tokian jartzea erabaki dute: trinketean. Joxi Lasa herriko langileak aipatu duenez, «eramangarria da aparailua, beraz herriko beste punturen batean beharra sortuko balitz erabili ahal izango litzateke».

Herrian babes zibileko taldea dago eratuta. 10 lagunek osatzen dute eta larrialdi egoera baterako prest egotea da taldearen helburua. «Festa, jende asko biltzen den tokietan eta kirol ekitaldietan babesa eman eta prebentzio lanetan aritzen gara trafikoa antolatuz, esate baterako».

Babes zibileko taldeak Irurako udalari lehen sorospeneko ikastaro bat antolatzeko eskatu zion. Desfibriladoreak nola erabili erakutsi zieten ikastaroaren baitan. «Ikastaroan parte hartzeko deia herriko beste hainbat talderi ere zabaldu zitzaien: kirol eskolari, begiraleei, pelota taldekoei... Azkenean 13 lagunek jaso dute formazioa», azaldu du Ugaldek.

Oso sinplea da aparailua erabiltzea. Joxi Lasak azaldu duenez, ordea, «formazioa jaso duten pertsonek bakarrik dute desfibriladorea erabiltzeko baimena, legez. Hala ere ez da zaila, argibideak ahoz ematen baititu aparailuak. Hori bai, deskargak ematearekin batera, bihotz-birikak suspertzeko maniobra egin beharra dago eta horretarako eduki beharra dago jakintza minimo bat».

Ahalik eta azkarrena erreakzionatzea da garrantzitsua horrelako kasuetan. «112ra deitu eta anbulantziak etorri bitarteko minutuak erabakiorrak izan daitezke». Une horietan burua hotz mantendu eta lasai egotea garrantzitsua da.

Segurtasun Zibilerako taldea

Ainhoa Ugalde alkateak herriko babes taldeak egiten duen lana eskertu nahi izan du. «Herri txikia da Irura eta oso lagungarria da talde honek egiten duen lana».

Tolosan, Azkoitian, Zarautzen, Ordizian, Pasaian eta Irunen, adibidez, badaude babes zibilerako taldeak. «Herri handietan errazagoa da jendea biltzea, baina gu izango gara, herri txikia izanik, horrelako lanei eusten diegun bakarrak. Garai batean, adibidez, Berastegin bazen beste talde bat baina desagertu egin zen», Joxi Lasa taldeko kideak aipatu duenez.

2008ko Kilometroen harira, segurtasun batzordean aritu zen taldeari segida emanez osatu dute Irurako babes zibilerako taldea. «Udaletxean bi langile aritzen gara egunero baina larrialdi egoera bat sortuz gero motz geratzen da».

Uholdeak edota haizete handiak gertatzen direnean 10 boluntario horiei deitzen zaie laguntza emateko. «Aurrerantzean formazioan sakondu eta materiala biltzen joatea da gure asmoa», azaldu du Lasak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!