Garabi bat erori da N-1 errepidera

Ataria 2015eko otsailaren 5a

Irura eta Amasa-Villabona artean izan da istripua, Irurako irteeratik gertu, 11:40ak aldera, eta N-1 errepidea itxi behar izan dute bi noranzkoetan. Donostiarako noranzkoa, bada, zabaldu dute dagoeneko. Garabi baten besoa erori da N-1 errepidera, oraingoz argitu ez dituzten arrazoiak direla eta. Istripuaren argazki gehiago albistean sartuta.

Ertzaintzak azaldu duenez, une honetan arazoak konpontzea eta trafikoa bideratzea da lehentasuna, eta ikerketa bat zabalduko dute istripuaren arrazoia argitzeko. Auto ilara luzeak egin dira, 6 kilometro ingurukoak, eta Ertzaintzak esan duenez, ilarek luze joko dute.

Besoa Gasteizerako noranzkoan erori da, baina bi errailetan izan du eragina. Besoa N-1 errepidera erori da, eta garabiaren kabina Irura pareko industriagunean dago, Mecanizados Irura enpresaren parean. Ez da zauriturik izan, Herrizaingo sailetik azaldu dutenez, eta bi garabi eraman beharko dituzte bertara eroritakoa jasotzeko.

Une honetan 4 kilometro inguruko auto ilarak sortu dira bi noranzkoetan. Ertzaintza trafikoa desbideratzen ari da inguruko industriaguneetatik. Ertzaintzak Nafarroako Foruzaingoari abisu eman dio eta Altsasutik datorren trafikoa A-15era desbideratzeko eskatu dio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!