Zarretxea berritzeko nahia azaldu dute irurarrek

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko ots. 5a, 10:34

Udalak auzoz auzoko bilerak egiten ditu urtero herritarren eskaerak entzun eta informazioa emateko.

Udaleko arduradunek auzoz auzoko bilerak egin dituzte urtero legealdia hasi zutenetik, herriko proiektuen eta aurrekontuen berri emateko, eta baita herritarren iritzi eta eskaerak jasotzeko ere.

Aurtengo eztabaidagai nagusia Zarretxea izan dela azaldu du Ainhoa Ugalde alkateak. «Udaletik zalantzak genituen. Obra guztia eginda lan handia da, diru asko, eta hori herritarrekin kontsultatu nahi genuen». Lehenik eta behin aparejadoreari Zarretxea ireki ahal izateko zein lan egin beharko liratekeen galdetu zioten, eta hiru aukera jarri zituen mahai gainean; obra minimoena 100.000 eurokoa izango litzateke, obra ertaina 160.000 eurokoa, eta guztiz berritzeko 215.000 euro bideratu beharko lirateke.

Herritarrek Zarretxea guztiz berritzearen alde egin dutela dio alkateak: «Auzoz auzoko bileretan planteatu eta plazan taberna bat beharrezkoa dela esan dute herritarrek, eta obra egiteko eskatu. Honek suposatzen duena da inbertsioetako diru kopuru handi bat hontara bideratu beharko dugula». Hurrengo pausoa hortaz, aparejadoreak hiru proiektu egitea da, «hauek beste bilera batean aurkeztuko dizkiegu herritarrei, aukeratu dezaten». Otsailean zehar egingo dute hori.

Aurrekontua
Auzoz auzoko bileretan aurrekontuen berri ere ematen diete irurarrei. Zergak ez direla igoko, aurtengo aurrekontua 1.995.000 eurokoa dela eta hirigintza fondoan 224.000 euro daudela argitu zieten. Era berean inbertsioetarako 2015eko aurrekontuko 135.000 euro bideratuko dituztela eta 2014ko gerakina 175.000 eurokoa dela argitu dute.

30.000 euro, herritarren esku
Era berean, iazko bideari jarraipena eman nahi izan dio udalak, eta aurrekontuko diru kopuru bat herritarren esku utzi. Iaz 10.000 euro bideratu zituzten horretara, eta aurten 30.000 euro. «Jendeak diru horrekin zer egin erabakitzea nahi dugu. Iaz 10.000 eurorekin egin genuen eta gauza horiek eginda daude jada».

Udalaren nahia ez da diru horrekin proiektu handiak egitea, egunerokotasuneko arazoak konpontzeko auzoz auzoko lanak egitea baizik. Zentzu horretan eskaerak askotarikoak izaten direla dio Ugaldek. «Plaza batean argi gutxi dagoela, zuhaitzen adarrak moztu behar direla lekuren batean, espaloia osatu behar dela koskak dituelako, zuloa dagoela errekako bidean... gauza txikiak dira baina egunerokoan asko eragiten dutenak. Trinketera joateko pasabidea iluna dela eta lurra irristagarria dela ere esan digute. Eskaera guztiak aztertu behar ditugu». Ugaldek auzoz auzoko bileretan parte hartu duten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie, eta ekarpenak egiten jarraitzera animatu.

Datuak

2015. URTEKO AURREKONTUA

Aurrekontua: 1.995.000 euro.
Zergak ez dituzte igoko.
Inbertsioak. 135.000 euro 2015. urtean, eta 2014. urteko 175.000 euroko gerakina.
Hirigintza fondoa. 224.000 euro.
Inbertsioetarako aztertuko diren proposamenak.
· Irura okindegi aurreko urbanizazioa, 60.000 euro.
· Kaleko argiteria, 26.000 euro.
· Hirugarren adinekoentzat parkea, 3.000 eta 15.000 euro artean.
· Peio Arrese eta Eguzkialde urbanizazioa:
- Peio Arreseko lehen fasea 39.500 euro.
- Eguzkialdeko 2. fasea 25.900 euro.
· Plazako errepidea asfaltatzea, 95.000 euro.
30.000 euro herritarren esku. Urtarrilaren 31 arte jasotako ekarpenak aztertu behar dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!