Laskibarko bizilagunekin bilduko da Ana Leunda

Ataria 2015eko urtarrilaren 19a

Irurako hautagai jeltzaleak, Herritarrei entzuten izeneko ekimena abiatuko du, "herritarren iritziak entzun eta jasotzeko”. Ostegunean izango da lehen hitzordua.

EAJ hautagaiak “irurarrekin egunerokotasunean eta herriaren etorkizunari buruz dituzten iritziak, kezkak eta iradokizunak modu zuzenean partekatu” nahi ditu modu horretara.

Ostegunean, hilaren 22an, Laskibarko bizilagunekin egingo du lehen bilera, "auzoko argazki zuzen eta erreala egiteko helburuarekin". Hitzordua 19:30ean izango da, 1 eta 2 eraikinaren azpialdean. Aurrera begira ere beste auzoetara zabaltzeko asmoa du.

Leundak gogoratu du bere konpromisoa “irurarren benetako arazoak ezagutu, aurre egin eta konpontzen saiatzea" dela, eta horretarako ezinbestekoa dela bizilagunei zuzen zuzenean entzun eta ekarpenak jasotzea.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!