«Egin Irura, kontsumitu herrian»

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abenduaren 4a

Gabonetako kanpainaren barruan zozketak egingo dituzte; batetik, opari txekeak eta bestetik, bi lagunentzako asteburu pasak

Eguberriak gerturatzearekin batera saltokiek kanpaina bereziak egiten dituzte herritarrak kontsumitzera animatzeko, eta Iruran ere ez dute huts egin. Aurtengoan ere Gabonetarako kanpaina prestatu dute irurarrak herrian bertan kontsumitzera animatzeko.


Ekainean abiarazitako «Egin Irura, kontsumitu herrian» kanpainarekin jarraituz, herrian kontsumituz, Irura egiten jarraituko dute Eguberrietan ere. Ainhoa Ugalde alkateak eman du kanpainaren berri: «Garrantzitsua da herrian bertan erostea, eta hori sustatzeko herriko zozketak antolatu ditugu».  
Bi dira egingo dituzten zozketak. Batetik, erosketa txartelak banatuko dituzte, eta bestetik, bi lagunentzako hiru asteburu pasa ere badituzte banatzeko.


Erosketak herriko saltokietan egiteagatik datuekin bete beharreko txartela banatuko dute eta horrela hartu ahal izango da parte zozketetan, gaurtik aurrera.
25 euroko hiru erosketa txartelak abenduaren 23an zozkatuko dituzte. Saltoki bakoitzak egingo du zozketa. Abenduaren 24an berriz, Olentzeroren etorrerarekin batera egingo dute hiru asteburu pasen zozketa plazan bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!