Ana Leunda izango da EAJren hautagaia Iruran

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko aza. 14a, 13:16

Irurak aldaketa behar duela adierazi du datorren urteko hauteskundeetan EAJren alkategaia izango den Ana Leundak.

Olatz Peon, bailarako burukideak aurkeztu du Ana Leunda komunikabideen aurrean. Irurako alkatetzarako hautagaiaren "lanerako gaitasuna, irurarrenganako hurbiltasuna eta akordioak partekatzeko duen jarrera" azpimarratu ditu Peonek aurkezpenean.

Gaur egungo udal gobernuaren aurrean "benetako alternatiba" izango den talde baten buru izango da Leunda eta Olatz Peon jeltzalearen hitzetan "Irurak behar duen alkatea izateko" prest dago EAJren Irurako zerrendaburua.

Ana Leundak alderdiarengandik jasotako babesa eskertu nahi izan du eta jeltzaleek beregan jarri duten konfiantza "erronka" moduan definitu du berak. "Irurarrak, hauen duintasuna eta ongizatea" definitu ditu Leundak proiektuaren ardatz nagusi eta herritarren "benetako arazoei azkar eta modu eraginkorrean erantzun" nahi die. "Atez atekoaren gertatu den bezala, ez ditugu arazoak sortuko" adierazi du jeltzaleen hautagaiak eta Irurak "aldaketa bat behar duela" ere esan du.

Irurarrei entzutea beharrezkoa dela esan du Leundak eta "Iruran hondakinen bilketa sistemaren inguruan gauzatutako herri mugimenduan ikasi dut egitasmoak aurrera ateratzeko adostasuna beharrezkoa dela" ere gehitu du.

Lantalde bat osatzen ari dela ere azaldu du Ana Leundak "Irurak dituen behar eta erronkak aztertzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!