Giro ederra Irurako sanmieletan

Ataria 2014ko irailaren 20a

Irurako San Migel jaien bigarren eguna dute gaur. Larunbata izaki, jende ugari gerturatu da goizean herriko plazara. Patata tortilla lehiaketak ikusmin handia piztu du herritarrengan, eta guztiek arretaz itxaron dute irabazleen izenak jakiteko.

 

15 parte hartzaile izan dira orotara, horietatik batzuk, banaka aritu dira, eta beste batzuk, gaztetxoenak, helduen laguntzarekin. Garazi Karrera eta Iratxe Iturbe, batetik, eta Igone eta Beñat Urtaza, bestetik, izan dira, epaimahaiaren ustez, tortila goxoenak prestatu dituztenak.

 

Aurretik marrazki lehiaketaren irabazleen izenak ere eman dituzte. Maddi Zabalegi, June Murua eta Erin Schimmel izan dira garaileak. Patata tortila lehiaketaren ostean, dantzak hartu du lekukoa plazan. Herriko gazteek dantza-soka eskaini dute. Ondoren, Share elkartean bildu dira denak bazkari legea egiteko. Tu Ku TunTX txalaparta taldeak gidatuta txalaparta tailerra egon da arratsaldean eta ondoren, Rockalean elektrotxarangaren saioa egon da. Gazteek afaria izango dute eta Emon eta Kaotiko taldeen kontzertuekin amaituko da larunbateko egitaraua Iruran.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!