Badatoz sanmielak

IƱigo Terradillos 2014ko ira. 19a, 13:52

Gaur hasiko dira Irurako San Migel jaiak, eta asteburu honetan ez ezik hurrengo asteburuan ere izango da festaz gozatzeko aukera. Ikusi hemen egitarau osoa.

Herensugearen jaitsierarekin lehertuko da jaia, gaur, Iruran. Eskualdeko jairik  gustukoenekoak dira, eta herri txikia izanik ere, festa handiak dira, inguruko herrietako ehunka festazale joaten delarik izaten dituzten ekitaldiez eta jai giroaz gozatzera.
Egitarauari begiratuz, urtero moduan, «egitarau zabala eta adin guztiei zuzendutakoa» egiten saiatu direla azaldu du Gorka Murua Kultura zinegotziak. Hala, ekitaldi guztietan, haurrentzako jolasak, herri bazkaria eta kontzertuak nabarmendu dituzte. Hain justu, azken horiek, musika emanaldiek, leku garrantzitsua izango dute. Musikaren antolaketaz arduratzen den Jon Gurrutxaga DJ Bullek adierazi moduan, «ahalik eta kontzertu indartsuenak» antolatzen saiatu dira beste behin.
Irurako jaietara, irurarrez gain inguruko herrietako jendea ere gerturatzen bada, hein handi batean, gauean izaten diren ekitaldiengatik izaten da antolatzaileen arabera, eta horretan zeresan handia du azken urteetan egin duten apustuak. «Kontzertu handiekin apustua egin zen, eta balantzea oso baikorra da, jende ugari etortzen baita, eta hori pozgarria da», esan du Muruak.
DJ Bullek, bestalde, orokorrean geroz eta jende gutxiago mugitzen dela jaietara ere azpimarratu du, eta askotan herriek elkar zapaltzen dituztela ekitaldiak, gainera: «Eskualdeko herri askotan jaiak ospatzen dira egun berdinetan, eta askotan ekitaldiak antolatzerakoan ez da kontuan hartzen besteek antolatu dutena; ez badira gauza horiek zaintzen guztientzat da kaltegarria».


Aurtengo txupinazoa
Bi izango dira aurtengo festetako txupinazoa botako dutenak. Batetik, Maria Lasa atleta irurarra, eta bestetik, Loatzo Musika Eskola. «Mariak emaitza bikainak lortu ditu eta Iruraren izena zabaldu du; Loatzo Musika Eskola bestetik, lan bikaina egiten du haurren hezkuntzan», azaldu du Kultura zinegotziak. Ondoren, haur eta helduen danborrada izango da. Laugarren urtez egingo dute, eta festa «giro alaiean» hasi ohi dela azpimarratu dute. Gauerako, berriz, Joxi Mendizabalen doinuekin dantzaldia izango da, lehen eguna ederki amaitzeko.
Gazteak izango dira protagonista hurrengo egunean, Gazte Festan. «Goizean goiz elkartzen dira, eta auzoz auzo joaten dira musikarekin eta dantza eginez», esan du Muruak. Biharko gaua, kontzertuei begira, handietako bat izango da, Emon eta Kaotiko taldeak ariko direlarik plazan. “Gauaren aurretik, iluntzean izango den Rockalean elektrotxaranga ere azpimarratzeko modukoa da, oso giro polita sortzen baitute. Emon talde gazte eta biziaren erritmo dantzagarriekin hasiko da gauekoa, eta ondoren etorriko da kontzertu handiena, Kaotikorekin», azaldu du DJ Bullek, eurekin plaza betetzea espero dutela aitortuz.
Igandean haurrentzako ekitaldiak izango dira nagusi, eta arratsaldeko skate ikuskizuna eta sagardo dastaketa nabarmendu dute antolatzaileek. «Skate pista estreinatu berri dugu frontoiaren atzealdean, eta hori bultzatu nahian ikuskizuna prestatu dugu, nazioarte mailan izena duten bi skaterrekin. Ondoren, sagardo dastaketa izango da, eta urtero moduan jende asko eta giro polita izatea espero dugu», azaldu du Kultura zinegotziak.


Bigarren asteburua
Hurrengo ostiralera, hilaren 26ra egingo dute salto Irurako sanmielek. Umeen Eguna izango dute, egun osoan gaztetxoenei zuzendutako ekitaldiek hartuko dutelarik lekua. «Haurrentzako bazkarian, esaterako, 150 ume inguru elkartuko dira, herrian haur asko ditugunaren seinale», dio Muruak. Egun horretan aipatzeko beste ekitaldia play back jaialdia izango da: «Txorakeri moduan hasi zen, eta gaur egun garrantzia hartu duen ekitaldia da». DJ Bullek nahiz festa batzordeko gainerako kideek herritar guztiak gonbidatzen dituzte lotsa galdu eta parte hartzera, «horrela herri osoak gozatzen baitu».
Larunbatean, txakur hezituen erakusketa eta dantza sokaren ostean, ikurrinaren aldeko ekitaldia izango da: «Bandera espainola jarri nahi digute inposizioaren bidez, baina herriaren sentipena beste bat da», azaldu du Muruak. Herri bazkarian 160 lagun inguru elkartuko dira gero, eta arratsaldeko dantza emanaldiaren ondoren, gauean, DJ Bull iaz izan zuen «arrakasta handia» errepikatzen saiatuko da. «Plazan dagoen jendearen araberakoa musika jartzea izaten da gakoa, dantzagarria izatea, eta batik bat euskalduna izatea», azaldu du DJ Bullek. «Euskal musika gehiago entzun beharko litzateke, kalitateko talde asko baitugu, eta gure hizkuntzak eskertuko luke», gehitu du.
Kirolek hartuko dute lekua hurrengo egunean, igandean. Batetik, xare partidak izango dira goizean. Kultura zinegotziak herriko Ametsa elkartearen garrantzia azpimarratu du: «Egun, 50 haur inguru aritzen dira bertan, eta herritar guztiak animatzen ditugu euren partidak ikustera, berezia den kirola baita, Iruran betidanik izan duguna». Herri kirolak izango dira arratsaldean, eta iluntzean, bertso saioak hartuko du plaza: «Aurten ere, kalitatedun saioa antolatu dugu, eta ohi bezala, harrera ona izatea espero dugu».
San Mielen egunarekin borobilduko dira Irurako jaiak. Eguneko unerik «politenetakoa» eguerdiko dantzarien emanaldia izango da, eta Berastegiko Ikusgarri taldeko motozerra erakustaldia eta Loatzo Musika Eskolakoen emanaldiaren ondoren, herensugearen erretzeak emango die amaiera jaiei. Urriaren 1ean izango den Nagusiaren Nazioarteko Eguna eta urriaren 12an izango den erretirodunen eguna ere jaiaren barruan sartu nahi izan dute antolatzaileek, azken honetan, bereziki hainbat ekitaldi izango direlarik.
«Egunerokoari parentesi bat egin» eta jaiez gozatzera gonbidatzen ditu DJ Bullek herritar guztiak, «arazoek hor jarraituko baitute festak bukatu eta gero, baina, irrifar batekin indarrak hartzen dira horiei aurre egiteko». Gorka Murua Kultura zinegotziak, bestalde, jaiak errespetuz eta berdintasunez gozatzera gonbidatu ditu Irurara bertaratzen diren herritar guztiak. DJ Bullek, halaber, festan izan ahalko ez dutenak ere izan nahi ditu gogoan: «Tamalez jende asko dago Espainiako eta Frantziako kartzeletan, eta etxean nahi ditugu; beraiek eta euren familiak ere ospatu nahi dituzte jaiak gustura, eta ez, errepideetan, eta tamalez istripuak jasaten, aste honetan gertatu den moduan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!