«Oso ondo sentitzen naiz musika beste diziplina batzuekin elkartzean»

Jon Miranda 2014ko uzt. 25a, 08:00

Musikaren arloan ikasten eta sortzen dabil Iñar Sastre irurarra. Pariseko goi mailako kontserbatorio nazionaleko ikaslea da eta 'Sastre artean' obra kaleratu du

 

Literaturari musika jarri nahi zion, eta horrela ikusi du argia 'Sastre artean' obrak. Iñar Sastre musikari irurarrak pianoarekin musikatu ditu bere aitona Alfonso Sastreren hamabi poema. Egun, euskal konpositoreen inguruko proiektu batean eta Txillardegiren inguruko dokumentalaren musika sortzen dabil, eta datorren ikasturtea hirugarrena izango du Pariseko goi mailako kontserbatorioan.
Non du sorburua kaleratu duzun 'Sastre artean' lanak?
Gauza asko egon litezke. Batetik, aipatuko nuke betidanik musikarekin musikaz aparteko edukiak adierazteko izan dudan afizioa. Alegia, musika  beti izan zait oso gertukoa deskribapenak egiteko, egoera emozionalak, bizitzakoak, adierazteko. Askotan sentitu dut hitzekin kosta egin zaizkidan sentimenduak adierazteko ere balio izan didala musikak. Azkenean, musika eta poema batzuen arteko topaketa da disko honetan gertatzen dena. Gero, beste arte diziplinekin musika nahasteko izan dudan ohitura ere bai, bigarren ardatz bezala. Eta horren barruan, nahiz eta oso literaturazalea ez izan, kasu honetan literaturan oinarritutako musika egiteko izan dudan gogoa.
Eta Alfonso Sastre zure aitonaren lanak erabiltzearena?  
Behin amarekin komentatzen ari nintzela, berak esan zidan, beste inorekin baino, etxean nuela aukera, Alfonso aitonak idatzitako hainbat poemarekin. Ni aurretik euskarazko poema batzuekin aritu nintzen, baina ideia hori horrela sortu zen. Egia da, nahiz eta aitonaren eremua batez ere dramaturgia izan den, poema asko editatu izan ditu, eta bere poemak grabatzeko ohitura ere izan du, garai bateko grabagailu horietan, kalitate ez oso onarekin. Eta polita iruditu zitzaidan bere ahotsez ondo grabatutako zenbait poema grabatzea. Azken finean, musikarekin ditudan jakin-nahiak eraman nau azkenean disko honen ideiara, edukietara eta gero gauzatzera.
Zer kontatzen du poema horietan zure aitonak?
Badu liburu bat, bere poemen obra osoa jasotzen duena, eta egia da beti ukitu izan dituela gai sozialak eta politikoak; horiekin beharbada hainbeste ez nintzen identifikatzen, edo bestela esanda, ez nituen proiektu honetarako hartu nahi. Ez dut gehiegi sakondu nahi izan horretan, eta beharbada poema orokorragoak edo testimonio pertsonalak bildu zituen, eta bere bizitzako une konkretuak hartzen zituenak, erabili ditut. Edonor nahiko identifikatua sentitu litekeen poemak hartzen saiatu naiz. Eta batez ere niri zerbait sortarazten zizkidatenak, hau da, poema horretan oinarrituta gero musika sortzea posible ikusten nituenak. Azkenean poemen hautaketa nahiko zabala egin nuen, gero grabatu duguna baino zabalagoa.
Eta nondik abiatu zara, behin poema aukeratuta, musika konposizioa sortzeko?
Musikari bezala ibilbide bat daramat, eta nahiko natural ateratzen zait. Azkenean poema bakoitzak badu giro bat, istorio bat,  emozio bat... Egoera bat planteatzen du, eta musikaren bidez nola horra gerturatu, nola sentimendu eta emozio hori adierazi bilatu dut. Horretarako musikak berak dituen erremintak daude: erritmoa, hizkera, melodia, armonia, forma. Pianoa izan dut lan hau egiteko bidelagun, eta pianoarekin, nahiz eta arlo ezberdinetan lan egin, musika klasikoan jorratu izan ditudan autore eta estetiketan oinarritu naiz. Ez naiz mugatu musika garaikide hutsa egitera; niri poema batek adierazi izan badit kolore edo hizkera musikal erromantikoa erabiltzea, ez dut konplexurik izan. Egia da gehienbat XX. mendeko musikan oinarritu naizela, eta baita nire ikasketetan eta nire sorkuntzan oinarri izan ditudan minimalismoa edo dodekafonismoa bezalako tendentzien oinarria hartu dudala.
Sorkuntza berak eraman zaitu, beraz, musika mota bat edo beste hautatzera.
Niri horrela ateratzen zaidalako nahiko nahasketa handia dago, baina diskoa musika klasiko eta pianoko musika klasikoaren marko horretan jarriko nuke, eta horren barruan kolore ezberdinekin jolastu dut. Saiatu naiz zerbait iradokitzailea egiten. Behin bakarrik jo dut diskoaren musika jendaurrean, eta emakume batek esan zidan irudiak etortzen zitzaizkiola burura musika entzutean. Hori da nik lortu nahi dudana. Denbora laburrean egindako diskoa da, ez da asko meditatutakoa, oso modu zuzenean egindakoa baizik. Piezak nahiko motzak dira, bi edo hiru minutu ingurukoak. Azkenean ideia musikal bat izan eta gero hori garatzea izan da, forma txiki bat eman eta kito, pieza ia eraikita zegoen.
Juan Rekarteren laguntza izan duzu lanean. Zein izan da bere ekarpena?
Bere ekarpena diskoetxe moduan izan da. Horrelako proiektu bat kaleratzea oso zaila da, ez bakarrik gaur egungo egoeran, bestela ere bai. Hau nahiko kapritxo pertsonaletik abiatutako proiektua da, diziplina ezberdinak nahasten dituena, bere interesa duena, baina azkenean oso merkatu murritza izan dezakeena. Juan Rekarte Ausart diskoetxea daramana da. Urte dezentetan hainbat musika autore klasiko argitaratu ditu. Proiektu hau aurkeztu nionean interesa azaldu zuen, eta bere ekarpena izan da nik grabaketa egin ondoren diskoa merkaturatzea. Gaur egun autoedizioa boladan dago, baina ni ez nago une honetan horri denbora eskaintzeko, ikasketak eta abar ditudalako esku artean. Niretzako ekarpena izugarria da, batetik apustu egiten duelako horrelako proiektu batengatik, eta bestetik, posible egiten duelako izan ditudan jakin-nahi eta kapritxoak aurrera eramateko.
Sorkuntza prozesua nahiko azkarra izan dela diozu. Zenbat denbora eman duzu zehazki diskoa egiten?
2013ko urte bukaeran atera zen diskoa, eta 2012an joan ginen poemak grabatzera. Horrek esan nahi du poemak grabatzera joan aurretik, hautaketa egina nuela. Behin grabatuta, hor egon dira atseden hartzen. Egia da poemak ezagutu ondoren, badaukazula poema horri ondo joango litzaiokeen ideiaren bat, baina lan konkretua ia bi astetan izan zen. Lan egiteko prozesua ez da izan konpositore huts batena, dena zehazki idaztekoa; diskoan jo dudan guztiaren partitura idazteak hilabete baino gehiago emango luke. Gehiago izan da emozio bat, hizkera edo melodia konkretu bat jasotzea. Bi aste horietakoa niretzat oso gauza bizia izan zen. Gero grabazio egunean ere, zenbait gauza pentsatuta zeuden, baina beste batzuei momentua bizitzen utzi nien. Gustatzen zait momentuko sorkuntza hori, arrisku, bertigo hori. Azken urteetako bagajetik tiraka atera da, azkenean. Ez naiz saiatu disko honetan zerbait originala edo imajina ez nezakeen zerbait egiten, baizik barruan daramadan horretatik zerbait sortzen.
Piano inprobisaziorako ikasketak egiten dituzu Parisen, Goi Mailako Musika eta Dantza Kontserbatorio Nazionalean. Hortik dator bagaje hori?
Bai modu profesionalagoan, baina horra iritsi aurretik piano maila bat banuen, eta musikarako pasioa gaztetatik izan dut, instrumentu ezberdinekin aritu naiz... Musika akademikoan hainbeste konkretatzen den, edo interprete edo konpositore izate huts horrek ez nau hainbeste betetzen, alegia, beti izan ditut bi arloak nire barnean. Beste konpositoreen obrak jotzea gustuko dut, baina musikari gisa bai behar izan dudala espresatzea, alegia, nire musika egitea, eta hori betidanik nire parte izan da. Beti izan dut joera instrumentuarekin jolasteko; beti sentitu naiz ondo jotzen, baina ez hain ondo partitura hutsetara mugatuta. Nolabait musikaren manipulatzaile gisara sentitu naiz. Galderara itzuliz, Pariseko kontserbatorioan tradizio inprobisatzaile hau mantendu dute organistek mendeetan zehar eta beraiei esker sortu zen kontserbatorioan teklatuan inprobisatzeko diziplina. Batez ere orain 20 urte arte organistentzat zena, pianoarentzat zabaltzea erabaki dute. Eta hor sortu da korronte bat oso bizia dena, aukera ematen duelako hainbat diziplinekin lan egiteko. Eta Parisko goi kontserbatorioa goi diziplina bat modu horretan planteatzen duen  leku bakarrenetakoa da.
Musika klasikoa eta garaikidearen artean, nola mugitzen zara?
Sastre artean lanak adierazten du ez dudala konplexurik edozein musikarekin lan egiteko. Erabili ditzaket Errenazimenduko akorde batzuk eta aldi berean oso irekita nago musika garaikidera. Diskoaren azkeneko piezan, adibidez, pianoa ia perkusio instrumentu bezala jotzen dut. Musika garaikideak niregan badu lekua baina beharra sentitzen dudanean. Iruditzen zait munduan une honetan kulturak izugarri nahasten ari direla, izugarrizko bagajea dugula musikan. Hainbat musika motarekin bizi izan naiz eta nahiko modu naturalean ateratzen zait horrelako zerbait egitea.
Ez da Ausart diskoetxearekin atera duzun lan bakarra. Aurretik 'Jolasak' kaleratu zenuen.
Banuen ideia hainbeste bizitu ditudan euskal doinuekin zerbait egiteko. Autoedizio moduan egin nuen disko bat, eta hori bidali nien Ausart diskoetxekoei, eta Juan harremanetan jarri zen interesa bazuela esanez, eta diskoa berreditatzea gustatuko litzaiokeela esanez. Orduan, lan hura berriro grabatu genuen, bi doinu gehiagorekin, eta 2012ko bukaeran kaleratu zuten. Gero lan horrek izan du lekua pare bat ikuskizunetan. Ertza dantza konpainiak egindako lan batean erabili zituen. Ondoren nirekin ordubeteko lan bat osatu zuten, jendeari asko gustatu zaiona; hainbat emanaldi eman ditugu, eta urritik aurrera ere ariko gara, tartean Tolosan, azaroan. Pianista gisa aritzen naiz, zuzenean jotzen, disko horretan egin nuena errespetatuz, baina lekua emanez ere inprobisazioari eta eszenatokian gertatzen den magia horri.
Beste diziplina batzuekin zure lana uztartzea oso gustukoa duzu, ezta?
Esango nuke ondo sentitzen naizen lekua dela. Ikasketak egin ditudanean, kasu honetan Musikenen, errepertorioa modu zientifikoan zekien tribunal baten aurrean urtero-urtero jotzeak nahiko atzeraka ematen zidan, ez nuelako askatasunik sentitzen; beti nahiko estu, beldurrarekin zer pentsatuko ote zuten... Karrera bukatu dudanetik beti bilatu izan ditut lekuak eta aukerak, eta lan egin dut diziplina ezberdinekin, batez ere irudiarekin eta dantzarekin. Oso ondo sentitzen naizen esparrua da. Nire musikak espazio asko uzten duena da eta beste diziplinekin elkartzeko aukera gehiago ematen du horrek.
Zure iturrietako bat euskal herri musika da eta horren inguruko beste proiekturen bat lantzen ari zara.
Kasu honetan ez da hain herri musikari lotura, baina bai euskal musikari. Jende gehiena bezala, Tolosaldea mailan, euskal kulturarekin harremana badugu behintzat, euskal musika guretzat euskal kantagintza da. Aldiz, instrumentu batean interesatu eta kontserbatoriora joaten garenoi irekitzen zaigu beste ate bat: musika klasiko idatzi horretan hainbat euskal konpositore daudela, herri musika jorratu dutenak edo ez, baina mendebaldeko musika klasikoaren idazkera fina oinarri dutenak. Kontserbatoriook mundu horretan urte batzuk pasa ondoren, ikusten duzu konpositore batzuk nahiko gutxietsita daudela.
Tomas Garbizu konpositorearen inguruan ikerketa lan bat egin nuen. Ia XX. mende osoa hartzen duena da eta frustrazio handia izan zuen, Julio Iglesias moduko artistak zeudelako modan, gero esaterako Egan erromerietan, eta Ez Dok Amairu mugimendua... Beraz, konpositore hauek oso baztertuta geratu izan direnaren sentsazioa izan dut. Musikenen ikasi zuen oboe jole batekin zerbait egitea planteatu genuen euskal konpositoreen inguruan, eta hor ari gara obra aukeraketa egiten. Juan Rekarte Ausart diskoetxeko arduraduna prest azaldu da hori argitaratzeko. Bizia eman nahi diogu euskal konpositoreei. Eta batzuk agian estreinaldiak izango dira. Niretzako oso polita da musikari bizitza eskaini dion pertsona ezagutzea, haren obra hartu eta hura sakontzea.
Bestalde, aipatzen dudan euskal musika klasikoa bezala, herri musika ere asko egin dut, egiten dut eta egingo dut. Oilo ipurdia jartzen didan musika da, eta beti barru-barruan daramadan musika da.
Pianoarekin ezagutzen zaitugu gaur egun, baina beste instrumentu batzuekin ere aritu zara, adibidez bateria jotzen gazteagotan. Horrek ere bere arrastoa utziko zuen zuregan.
Parisen ikaskide ditudanek sekulako jakintza dute musikaren inguruan, eta gaitasun handia dute zerbait entzun eta hura erreproduzitzeko. Askotan inbidia sentitu dut beste ikaskideak duten ezagutza horretaz. Baina gero instrumentuan jartzen naizenean, eta bateria aipatu duzunez, pertzepzio erritmikoa asko landu dut eta beste hainbat musika, rocka eta heavya esaterako, oso barnean bizitu izan ditut, eta hor badaramat horrelako emozio eta ezagutza bat, eta interpretatzen hasten naizenean besteak oso harrituta geratzen dira, eta «nondik atera zaizu hori egitea» galdetzen didate.

 

Parisera joan den artista

Mundu mailako kontserbatorio onenetakoa da Parisekoa. Zenbat denbora gehiago egongo zara bertan?
Beste urtebete egingo dut eta gero badut gogoa ere nire denbora eta energia beste arlo batzuetan erabiltzeko. Nire proiektuak eta asmoak aurrera eramateko denbora gehiago izatea. Hirugarren urtea egingo dut, eta inprobisazioko lizentziatura aterako nuke, eta beste arlo batzuetan sakontzen saiatuko naiz. Bestalde, egun askotan bertatik ateratzerakoan pentsatzen dut sei urte ere egongo nintzatekeela bertan: ikusten dut ikasteko hainbeste dudala eta hain gauza interesgarriak daudela, eta halako barne poza sortzen didatenak, urteak eta urteak emango nituela. Ez da ikasten irakasleengandik bakarrik, ikaskideengandik ere ikasten da.  
Hainbat konpositore ezagunek ikasi dute bertan. Horrez gain, sekulako bizia du. Mundu profesionalarekin harremanetan jartzen dituzte ikasleak, eta inguruneak ere laguntzen du horretan. Bertako ikasleek orokorrean hain maila altua dute, musikari profesional bezala lan egiteko arazorik ez dutela. Oso ondo funtzionatzen duen elkarbizitza da, batetik kontserbatorioa eta bestetik han egiten diren jaialdi eta kultur ekitaldien artekoa; hitzarmen asko egiten dira. Eta hori oso interesgarria da. Bestalde, kontserbatorioak berak ere jarduera asko izaten ditu, eta nahi izanez gero egun guztian bertan egotea duzu kontzertuak entzunez. Gainera lurralde ezberdinetako jendea dago. Zorte handia dut hor egoteagatik, eta esperientzia bezala ederra izaten ari da.
Eta nolakoa da Parisen bizitzea?
Parisek baditu alde onak eta alde txarrak. Hemendik joanda, beste mundu bat da, mundu askoz indibidualistagoa. Kontserbatorioan bertan ere bai, lehiakortasun handia dago. Gero hiri bezala zoragarria da duen jarduera guztia. Bestalde, ez da hain zoragarria egunero duen jende kontzentrazioa lurrazpiko metroan: goizeko bederatzietan metroan sartu, jende pila baten artean, eta denak bultzaka... Horretan ez zait atsegina egiten. Bizitzeko ere oso zaila da, oso garestia delako. Hor ere zortekoa izan naiz, eta hiri unibertsitarioan egoteko aukera izan dut. Merkeago izateaz gain, hainbat herrialdeetako jendearekin erlazionatzeko aukera ematen du, eta horrek erosoago egiten du Parisen bizitzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!