Artisau Azoka eta Dantzari Txiki eguna izango dira Euskal jaian

Maier Ugartemendia 2014ko maiatzaren 30a

Artisau azoka 10:00etatik 14:00etara izango da plazan, eta eguraldi oso txarra egingo balu pilotalekuan; dantzari txikien emanaldia, berriz, 11:00etan hasiko da herrian zehar egingo duten kalejirarekin

Igandean, ekainaren 1ean, Iruran Euskal jaia ospatuko dute, eta horretarako hainbat ekimen izango dituzte. Batetik, 10:00etatik 14:00etara bitarte San Migel plazan Artisau eta Janari azoka izango dituzte. Guztira 32 postu jarriko dira plazan eta eguraldi oso txarra egingo balu pilotalekura pasako lukete azoka.

Argia Badago eta Dirdai postuek, tailerrak ere jarriko dituzte. Lehenak beira puzteari buruzkoa izango da eta beirarekin egiten dituen irudiak nola egiten dituen erakutsiko du, eta bigarrena parte hartzailea izango da eta ikusleek beirazko mosaikotxoak egin ahal izango dituzte artisauaren laguntzarekin.

32 postuetatik 11etan jakiak izango dira salgai. Gainerakoek artisauen teknika eta material desberdinekin egindako gauzak izango dituzte.

Baina, esan bezala, artisau azoka ez da izango Euskal Jaieko ekimen bakarra. Herriko dantzari txikiek ere izango dute protagonismoa egun berezi honetan. Gauzak honela, 11:00etan dantzari txikiak kalejiran aterako dira. Irurako eta inguruko herrietako dantzari txikiak plazatik aterako dira kalejiran. Kale Nagusitik Anoetako norabidean joango dira kale desberdinak zeharkatuta. Ondoren plazara itzuliko dira hamaiketakoa egitera, eta behin indarrak berreskuratuta plazan bertan, azokaren erdian, azken emanaldi bat egingo dute, azokara gerturatzen diren guztiek ere emanaldi hau ikusteko aukera izango dute, beraz. Honekin amaiera emango diote Maiatza Kulturari

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!