Boulderra, gazteen arteko harremana sustatzeko

Maier Ugartemendia 2014ko mai. 23a, 11:25
Apirilean zabaldu zuten Irurako boulderra eta herritarren artean harrera «ona» izan du

Apirilean zabaldu zuten Irurako trinketean eskalatu ahal izateko boulderra. Ideia duela hilabete batzuk sortu zen, udalak gazteekin egin zuen bilera batean. Gorka Murua kultur eta kirol zinegotzia da, eta berak gertutik jarraitu du boulderraren sorrera prozesua. Gazteen bilera hauetan ateratako ondorioak nagusiki bi izan ziren. Batetik, «kirol ikuspuntuari dagokionez» trinketeko gunea kirol praktika guztiak egiten diren gunea dela, eta egun eskaladak «indar handia» duenez, eskaladan lehen pausoak emateko «leku egokia» zela ikusi zuten; eta horretarako aukerarik egokiena boulderra «instalazio egokia» zela pentsatu zuten.

Bestalde, gazteek aisialdiko denbora herrian igarotzea ere bazuten helburu. Izan ere, Irurako haurrak Lehen Hezkuntza amaitzen dutenean, «Anoetara edo Tolosara» joaten dira ikasketak egitera. Gerora «lagunarteko eta aisialdi garaiko denbora herri horietan igarotzen dute». Arazo honi irtenbide bat eman nahian hasi ziren gazteekin biltzen, eta hortik sortu zen bai boulderraren ideia eta baita skate parke bat egiteko ideia ere. Boulderra trinketean egin dute, eta skate parkea ere trinketearen eta ikastolaren artean egingo dute. Skate parkea ere «hilabete gutxitara» bukatuta egotea espero dute; horretarako lanak «ekainean» hastea espero du Muruak.

Eskalatzen ikasteko aukera

Aipatu bezala, apirilean Kirol Astearen barruan egin zuten boulderraren inaugurazioa. Bertan Patxi Usabiaga eta Ibon Mugerza izan ziren, eta «euren kirol esperientziaren» inguruko hitzaldia eskaini zuten irudiekin lagundurik. Muruaren ustez hitzaldia «oso aberasgarria» izan zen, batez ere «beraien bizi esperientziagatik». Mugerzaren kasuan, esate baterako, eskalada «terapia moduan» erabili zuela azaldu zuen, eta berak azaldutakoa «oso interesgarria» izan zen. Eskaladako munduko txapelduna izan zen Patxi Usabiagak ere bere bizipenen berri eman zuen. Bizkarreko arazoak zirela medio eskalada utzi egin behar izan zuen; baina, orain eskalada mundura itzultzekoa dela azaldu zioten Irurako hitzaldira gerturatu zirenei.

Hitzaldian jende «dezente» gerturatu zen, eta Mugerzak eta Usabiagak ez zuten boulderra erabiltzeko aukera handirik izan. Baina, bertan zeuden haurrei «azalpen teorikoak» emateko aukera behintzat izan zuten.

Behin boulderraren irekiera ofizialaren ostean, «araudia eta erabilpena nola egin» zehaztu zuten. Hamasei urtetik gorakoek erabil dezakete oraingoz boulderra, adin txikiagokoak direnek pertsona heldu baten laguntza ezinbestekoa dute boulderrean ibili ahal izateko. Orain arte herritarren aldetik «harrera ona» izan duela azpimarratu du Muruak, eta aurrera begira ere aurreikuspen «onak» dituztela dio.

Batez ere herriko gazte taldetxoak ibiltzen dira boulderrean. Ez dute egun zehatzik bertan elkartzeko, baina elkarrekin adosten dute noiz elkartu. Gainera, gazte batzuek esperientzia handiagoa zutenez, gazteen artean «elkarri erakusten ari dira». Hurrengo urtetik aurrera haurrentzat lehen pausoak ematen ikasteko ikastaroak antolatzeko asmoa dutela dio Muruak; beraiek ere «boulderraz disfrutatzeko» aukera izan dezaten. Gainera, lan egiteko orduan, «kirol praktika nahiko segurua» izateak abantailak dituela dio Muruak.

Guztientzat zabalik

Eskalada gustuko duenak edo ikasi nahi duenak Irurako boulderrean du horretarako aukera. Hamasei urtetik gora dituzten bazkideek edozein unetan dute aukera boulderrean sartzeko. Hala ere, bazkide ez denak eta boulderra erabili nahi duenak ere badu horretarako aukera. Eguneko kuota ordainduz gero, trinketeko instalazioetan sartzeko aukera izango baitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!