Iruran areto futboleko talde bat sortu nahi dute, eta horretarako lehen entrenamendu bat prestatu dute apirilaren 2rako, asteazkena, 17:00etatik 18:00etara.
Futbol zaletasuna eta kiroltasuna sustatzea du helburu egitasmo honek. 2003 eta 2007 urte artean (biak barne) jaiotako neska-mutilek har dezakete parte talde honetan.
Mokhtar Hacemaoui eta Luis Gurrutxagaren gidaritzapean, apirilean hasi eta ekainera bitarte, astean bitan egingo dira saioak gaztetxoekin, asteazkenetan eta ostiraletan, 17:00etatik 18:00etara, Irurako pilotalekuan. Honela, gazteak areto futbolean trebatu eta ekainean Tolosan izango den Areto Futbol Txapelketarako prestatu nahi dituzte.
Hortaz, areto futbola gustuko duten eta kirola praktikatuz ondo pasa nahi duten haurrei apirilaren 2an, asteazkenean, egingo den lehen entrenamendura joateko gonbitea luzatu diete eta animatu egin dituzte antolatzaileek. Ez da beharrezkoa lehenago izena ematea eta bertan lehen bilera informatiboa eta lehen entrenamendua egingo dituzte.
Festa batzordearen bilera
Hilaren 31n, astelehenean, Irurako festa batzordeak bilera baterako deia egin du. Bilera hau udaletxeko batzar aretoan izango da, 19:30ean eta bertan kirol astearen gaia landuko da, besteak beste. Herritar guztiak gonbidatuak daude.