Bertsolari Txapelketa Nagusia

Aitor Mendiluze: «Bertsotan behar eta nahi bezala egiten badut, aukerak ditut finalean sartzeko»

Jon Miranda - Itzea Urkizu 2013ko aza. 12a, 13:47

Aitor Mendiluze, aurreko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean.
Hiru aldiz kantatu izan du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, eta laugarrenez han izatea «polita» litzatekeela dio Aitor Mendiluzek. Igandean ariko da lehen aldiz, aurtengo lehian.

Datorren igandean Murgian (Araba) aritu beharko dute laugarren finalaurreko bertsolariek, eta Aitor Mendiluze da horietako bat. Berarekin batera, Beñat Gaztelumendi, Fredi Paia, Sustrai Colina, Unai Agirre eta Xabier Silveira izango dira oholtzan.
Jaiotzez andoaindarra den arren (1975), Iruran du bizilekua, eta horrela, bera izango da, datorren asteko saioetan, eskualdeko ordezkari bakarra. Txapelketa behar bezala ez duela prestatu dio, baina badu itxaropenik laugarrenez finalera iristeko, bere maila emanez gero.

Animoz beterik al zaude datorren igandeko saioari begira?
Egia esan nahiko normal, betiko martxa normalean. Saioari begira, gogotsu, eguna iristeko gogoz. Lagun pila bat kantuan ikusi dugu jada, eta ea gure txanda iristen den.

Orain arte txapelketa jarraitzeko aukerarik izan baduzu, zer nolako martxa ikusi diozu txapelketa nagusiari orain arte?
Saiorik gehienak entzun ditut, eta esango nuke, gutxi gorabehera betiko moduan doala txapelketa. Lehen fasea ondo joan da, ziurrenik ere saio izugarri distiratsurik gabe; oso gauza onak izan dira tartean, baina zaila izaten da, lehen fasean, maila oso-oso altutik joatea, eta gorabeheratsuak izaten dira saioak, presio handia dagoelako, eta batzuentzat txapelketa handi samar gera daitekeelako ere bai. Oro har, ordea, oso ondo joan da. Eta finalerdietan, jada, esan daiteke maila koska bat edo bi igo dela, eta jendea dena ematen ari dela.

Urtez urte finalerako txartela lortze hori estuago jartzen ari denaren sentsaziorik ba al duzu?
Puntuazioei begiratuz gero, ezezkoa esango nuke, eta txapelketatik txapelketara, gutxi gorabehera, paretsu egoten dira gauzak. Gehiago esango nuke, agian, norberaren ikuspegitik aldatzen dela txapelketa; txapelketa osotasunean hartuta baino gehiago, bertsolari bakoitzaren momentua, egoera pertsonala, animoak eta abarrak eragiten dio bakoitzari, eta horrek egiten du txapelketa errazago edo zailago.

Eta nolakoa da, aurten, zure momentu pertsonal hori? Ondo prestatu duzu txapelketa nagusia?
Bada, esango nuke, txapelketa gehienetan bezala gaizki ibili naizela, beharko nukeen lanik ez dudala egin. Bertsotan dezente aritu naiz bertsoeskolan-eta, hori bai, baina etxeko lanik ez dut egin. Ez dut ez denborarik, ezta pazientziarik ere hartu horretarako, eta ez dakit ona edo txarra den ere, egia esan. Gainerakoan, momentu pertsonala ez da txarra; bertsotan gustura ari naiz, ari naizen saioetan, eta hortik aurrera, datorrena datorrela.

Lehiakide gogorrak izango dituzu kide, oholtzan, igandean. Nola ikusten duzu saioa?
Nik uste dut, oso saio polita izan daitekeela. Kantatzeko, behintzat, oso itxura ona ematen du, animoa ematen du, talde polita baita. Gainera, halakoetan beti esaten dugu, zenbat eta talde indartsuagoa izan, hobea dela. Azken finean, bertsotan egiteko eta lagunekin saioa osatzeko garaian, garrantzitsua da besteekiko ere konfiantza. Alde horretatik, beraz, oso saio motibagarria da. Gero, lehia lehia den aldetik, ikusiko dugu bakoitzak zer ematen duen. Askotan, beste parametro batzuetan neurtzen denean, kiroletan esaterako, ez da hala izaten, baina gure kasuan, esango nuke, besteak ondo aritzea norberarentzat ere ona dela. Beraz, espero dut denok saio ona egitea, eta ahal baldin bada, norbera besteek baino pixka bat hobea. Ikusiko dugu gai ote garen.

Zure buruari helbururik jarri ote diozu? Finala hortxe dago, eta finalean sartzeko aukera ere bai. Aukerak ikusten dizkiozu zeure buruari?
Jada hiru final jokatuta, laugarrenean han egotea, noski, oso polita litzateke. Baina helburua nik sekula ez dut postuetan jartzen, eta oraingo honetan ere ez dut hala egin. Nire helburua bertsotan egitea da. Uste dut bertsotan behar bezala edo nahi bezala egiten baldin badut aukerak ditudala finalean sartzeko, baina helburu gisa, uste dut finala baina anbizio handiagokoa dela bertsotan egitea. Hori lortuz gero, ikusiko dugu zer datorren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!