Gaur arratsaldean, 18:30ean, herensugearen jaitsierarekin emango zaie hasiera Irurako Sanmielei. Aurretik, bi asteburutan banatutako festak izango dituzte irurarrek.
Festari hasiera emateko, haur eta helduen danborrada izango da gaur arratsaldeko zazpietan. Amaitu ondoren, 21:00ak inguruan, barrikotea izango da herriko plazan. Eta egunari amaiera emateko, goizaldera arte luzatuko den dantzaldia izango da Laiotz taldearen eskutik.
Bihar, berriz, goizeko bederatzietan hasiko da jai giroa, eta gazteak izango dira eguneko protagonista nagusiak. 10:45ean, Txu Txu trena eta puzgarriak jarriko dituzte. 13:30ean, berriz, gazteek soka-dantza dantzatuko dute, eta ondoren, guztiek Share Elkartean bazkalduko dute. 18:30ean, berriro ere dantza-soka eskainiko dute, eta ordubete beranduago, Ttek elektrotxarangak alaitutako poteoa egingo dute herriko tabernetan zehar. 21:30ean, gazteen arteko afaria izango da, eta gauean, puntako taldeen kontzertuak izango dira entzungai plazan. Hain zuzen, Glaukoma, bere bigarren diska aurkeztuz, Xutik eta Vendetta taldeak arituko dira.
Igandean, berriz, haurren eguna ospatuko da. Goizeko hamaiketan, Molto Grand Prix lasterketa izango da bi eta bost urte bitarteko umeentzat Ibai Ondo pasealekuan. Partaideek, motoa eta kaskoa eraman beharko dute eta egunean bertan izena eman. Goizean zehar, nahiz arratsaldean, 18:30ak bitartean, haur parkea jarriko dute Etxezarreta kalean. 17:00etan, berriz, Bike Trial erakustaldia eskainiko du munduko txapelduna den Benito Ros-ek Loatzo plazan. Eta eguna bukatzeko, 18:30ean, sagardo-dastaketa izango da plazan.
Bigarren asteburuan gehiago
Hori lehen zatiari dagokionez. Izan ere, bigarren asteburuan ere ekitaldi anitz izango dira denen gustuetarako. Motorrak berotzeko, irailaren 26an, ostegunean, xare partidak izango dira trinketean, eta 20:00etan, Loatzo Musika Eskolako bandak emanaldia eskainiko du.
Ostiralean, berriz, umeak izango dira berriro ere protagonista nagusiak. 11:30ean, eskulan tailerrak izango dituzte, eta 13:30ean, denek batera bazkalduko dute. Bazkalostean, jokoak izango dituzte, 17:00ak arte, izan ere, ordu horretan, Poxpolo ta Konpainia pailazo taldeak emanaldia eskainiko du. 18:30ean, berriz, buruhandi eta erraldoien kalejira izango da Loatzo Musika Eskolako trikitilari eta txistulariekin. 19:30ean, txistor jatea izango da Share Elkartean. Gauean, Play Back jaialdia izango da, eta bertan parte-hartu nahi duen orok musika MP3 formatuan eraman beharko du 21:30ak baino lehen. Ondoren, dantzaldia izango da Ingo al deu taldearen eskutik.
Larunbatean, hegazti harraparien ikuskizunarekin hasiko da festa. 13:00etan, dantza-soka izango da eta ondoren, herri bazkaria plazan. Bazkalostean, Kalean txarangak herriko kaleak alaituko ditu. Gauean, berriz, bertso saioa izango da Andoni Egaña, Miren Amuriza, Aitor Mendiluze eta Onintza Enbeita bertsolariekin. Gai jartzaile lanetan, beriz, Amaia Agirre arituko da.
Festei amaiera emateko, irailaren 29an, San Migel egunez, diana izango da goizeko bederatzietan. Hamaiketan, meza nagusia izango da, eta irteeran, herriko dantzarien emanaldia eta hamaiketakoa izango dira. Seietan, Ametsetan bizi kale antzerkia eskainiko du Trapu Zaharrak taldeak, eta 19:30ean, Andoaingo Joseba eta Bakartxo dantza eskolak eskainitako areto dantzen emanaldia izango da frontoian. Jaiak, herensugearen erretzearekin amaituko dira 21:00etan. Ekitaldi horretara, beltzez joateko eskatu dute.
Jaietan ere zero zabor
Bestalde, jaietan Irura garbi eta txukun mantentzeko deia egin du udalak, zero zabor filosofia jarraituz. Horretarako, hainbat argibide eman ditu:
Alde batetik, zabor bilketaren ordutegia aldatu du. Beraz, jaiek irauten duten bitartean, eguneko zakarra 13:00etatik 15:00etara atera ahal izango da. 15:00etan jasotzen hasiko dira, 17:00ak arte. Ordu horretatik aurrera ontziak kalean ez uztea gomendatu du udalak.
Bestalde, festetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea eskatu dute. Behin parranda amaituta, edalontzi horiek lurrera bota ordez, etxera eraman edo tabernara itzultzeko eskaria ere egin dute.
Azkenik, barrikoterako ez dira plater, mahai tresna eta edalontzirik eraman beharko, izan ere, udalak denen eskura berrerabilgarriak direnak jarriko baititu. Ondoren, guztien artean garbituko dituzte plazan bertan.
Egitaraua
Irailak 20, ostirala
18:30. Agurra, txupinazoa eta herensugearen jaitsiera.
19:00. Haur eta helduen danborrada.
21:00. Barrikotea. Zero zabor filosofiarekin bat eginez, eta ahalik eta zabor gutxien sortzeko, udalak platerak, basoak eta mahai-tresnak utziko dizkie erabiltzaileei eta ondoren, plazan bertan garbituko dira.
23:00. Dantzaldia Laiotz taldearekin.
Irailak 21, larunbata
09:00. Gazte festaren hasiera.
10:45. Txu-txu trena herrian zehar eta puzgarriak
13:30. Gazteen dantza-soka.
14:30. Gazteen bazkaria Share elkartean.
18:30. Gazteen dantza-soka.
19:30. Poteoa Ttek elektrotxarangarekin.
23:00. Glaukoma, Xutik eta Vendetta taldeen kontzertua.
Irailak 22, igandea
11:00. Molto Grand Prix lasterketak 2-5 urte arteko haurrentzat Ibai Ondo pasealekuan. Partaideek motoa eta kaskoa eraman beharko dituzte, eta horrez gain, egunean bertan izena eman beharko dute.
11:30-14:00. Haur parkea Etxezarreta kalean.
16:00-18:30. Haur parkea Etxezarreta kalean.
17:00. Bike Trial erakustaldia munduko txapelduna den Benito Ros-en eskutik Loatzo plazan.
18:30. Sagardo dastaketa herriko plazan.
Irailak 26, osteguna
18:00. Xare partidak trinketean.
20:00. Loatzo Musika Eskolako bandaren emanaldia.
Irailak 27, ostirala
11:30. Eskulan tailerrak.
13:30. Haurren bazkaria.
15:00. Jokoak.
17:00. Poxpolo ta Konpainia pailazo taldearen emanaldia.
18:30. Buruhandi eta erraldoien kalejira Loatzo Musika Eskolako trikitilari eta txistulariekin.
22:30. Play-back jaialdia. Parte hartzaileek musika MP3 formatuan eraman beharko dute 21:30erako.
24:00. Dantzaldia Ingo al deu taldearen eskutik.
Irailak 28, larunbata
11:00. Hegazti harrapakarien erakusketa Belatz elkartearen eskutik.
13:00. Dantza-soka.
14:30. Herri bazkaria. Menua: txekorra, salda eta piperrada. Prezioak, 20 euro helduek, ikasle eta langabetuek 17 euro, eta haurrek 8 euro. Txartelak salgai Trinketean eta Zaharretxean. Ikasle eta langabetuek udaletxean erosi beharko dituzte dagokien agiria aurkeztuta. 2004 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat zaintza zerbitzua izango da. Izena emateko epea irailaren 25ean amaituko da.
Bazkalostean. Kalean txaranga ibiliko da kalez kale.
22:00. Bertso saioa, Andoni Egaña, Miren Amuriza, Aitor Mendiluze eta Onintza Enbeitia bertsolariekin. Gai jartzailea Amaia Agirre izango da.
23:30. DJ Bull.
Irailak 29, igandea
09:00. Diana txistularien eskutik.
11:00. Meza nagusia.
12:00. Irurako dantzarien emanaldia. Ondoren, hamaiketako herrikoia.
18:00. Ametsetan Bizi kale antzerkia Trapu Zaharrak taldearen eskutik.
19:30. Andoaingo Joseba eta Bakartxo dantza eskolak eskainitako areto dantzen emanaldia pilotalekuan.
21:00. Herensugea erretzea. Ekitaldia girotzeko, beltzez jantzita joateko eskatzen da.
Urriak 3, osteguna
16:30. Erretirodunen jokoak Zaharren biltokian eta plazan.
Urriak 13, igandea
12:00. Meza nagusia, eta ondoren, Zaharren Biltoki berriaren inaugurazio ekitaldia.
14:00. Bazkaria Zaharren Biltokian erretirodun eta pentsiodunentzat. Prezioa, 10 euro. Izen ematea, urriaren 10era bitarte egongo da zabalik.
Bazkalostean. Jokoetako sari banaketa eta musika Biltokian.