Ugaitz Mendizabalek (Irura, 1993) bigarren aldiz jokatu du Kontxako Bandera: pasa den urtean Astillerorekin, eta aurten San Pedrorekin. Ezberdinak izan omen dira.
Nola joan zaizu lehen urtea Pasaian?
Fontan uztekotan zebilen, eta banekien bera ordezkatzea ez zela erraza izango. Ligan emaitzak hobetzea zen helburua, eta ez zaigu ondo irten. Baina Kontxan bai ala bai sartzeko esan ziguten, eta lortu dugu, beraz, ezin kexatu.
Parekotasun handia izan da aurten San Miguel Ligan, ezta?
Ez bakarrik Ligan, Kontxan ere ikusi da. Segundo gutxiren baitan traineru asko daude.
Parekotasun horretan, zertxobait falta izan zaio San Pedrori?
Kontuan hartu behar da bukaeraraino ondo iristeko gauza batzuk kendu edo aldatu egin behar izaten direla. Kontxan sartu nahi genuen, agian gauzak ez dira nahi bezala irten, baina aldaketak ikusita beste irakurketa bat egin daiteke. Gure irakurketa da bukaerara ondo iritsi garela eta hori erakusten ari garela.
Nahiz eta emaitza horiek nahi baino okerragoak izan, Kontxarako zentratu zarete. Nola prestatu duzue?
Pare bat aste lehenago kontzientziatzen hasiak ginen: entrenamenduak, haizea eta olatuen iragarpenak begiratu... Animoak altxa genituen, liga gogorra izan da, baina psikologikoki ondo prestatu eta ondo kontzentratu gara.
Hiru urte Kontxatik kanpo izan ondoren, presiorik sentitu al duzue?
Etxeko jendeak gehienbat. Kanpokook ez dugu hainbeste nabaritzen. Baina zorionez ondo irten da.
Barruan zinetela konturatzean nola erreakzionatu zuen tripulazioak? Nola bizi izan zenuen ontzitik?
Niri irratitik erreferentziak ematen ari ziren. Ondo gindoazela esan zidaten ziabogaren parean, baina lanean jarraitu behar genuela. Barruan geundela esan nienean, entrenatzailea eta etxeko arraunlari batzuk negarrez hasi ziren.
Presioa gainetik kentzearen ondorio?
Bai, etxekoek beste era batera bizitzen dute, eta lasaitasun handia hartu zuten. Besteak pozez.
Bigarren Kontxa duzu hau. Astillerorekin izan zinen, zalerik gabe. San Pedrok ordea ia herri osoa darama. Nola bizi izan duzu aldaketa hau?
Astillero, kanpotik datorrenez, badirudi aparte gaudela. San Pedrorena handia da, inoiz ez zaituzte bakarrik uzten, herri oso bat dago atzetik. Emozionantea da irteten zaren unean.
Ia sorpresa eman zenuten Kaikuri ohorezko txandako postua kenduz...
Pena izan zen. Bagenekien barrurantz irabaztea zaila izango zela. Eutsi genien, baina gero ez genuen asmatu olatuekin eta atzeraka joan ginen.
Zein da iganderako helburua?
Lan ona egin, eta txanda irabaztea. Aurkari onak dauzkagu, lortuz gero, seinale ona izango da.
Itsasoari begira... bandera alboratzen duzue?
Metro eta gutxiko olatuak espero dira, eta haizeak gora egingo du. Nahiko nuke aldaketa bat, baina hori ez dago gure esku.
Nork irabaziko du Kontxa?
Zumaiak, eta eguraldia aldatzen bada...