Irura Txukunek salatu du Bildu herria engainatzen ari dela atez ateko datuekin

Ataria 2013ko uztailaren 16a

Irura Txukun plataformaren agerraldira hainbat irurar azaldu ziren babesa ematera.

Irura Txukun plataformak eskerrak eman dizkie Irurako atez atekoaren inguruko galdeketan parte hartu zuten herritar guztiei, eta era berean, kontsultaren aurreko astean jasandako «boikot eta presioa» salatu ditu. Horrez gain, Irurako Bilduk atez atekoaren inguruan emandako datuekin «herria engainatzen» duela adierazi du.

Bosgarren edukiontziaren aldeko Irurako bizilagun taldeak adierazi duenez, «udalaren atez ateko sistemaren inposizioaren aurrean sortutako egonezina dela eta», sortu da plataforma. Hala, euren helburua ez dela liskar politikoetan sartzea azaldu dute: «nahiz eta, sinesten dugun liskar horiek direla eztabaidaren iturri, eta askotan gertatzen den moduan, eztabaidaren kalteak herriak jasaten ditu».

Birziklapenaren alde daudela adierazi dute, baina egokiago ikusten dute hondakinen bilketa edukiontzi bidez egitea, ez baitiote justifikaziorik ikusten «sistema garestiago, zikinago eta deserosoagoa» jartzeari. Halaber, Irura Txukun plataformari «ulertezina» egiten zaio «eskualdean hainbat herrik edukiontziaren ereduarekin jarraitzen badu, Irurak zergatik aldatu duen».

Honen harira, egin dituzten protesta guztiak «alferrikakoak» izan direla salatu dute, Irurako Udala «gorra, itsu eta mutu» bilakatu baita euren ustez. Gainera, Iruran egindako kontsulta egin ahal izateko, plataformako kideek «lan handia» egin beharra izan dutela, eta «behin eta berriz boikotatua» izan dela adierazi dute: «Hala ere, Irurako %40k eman du bere iritzia, nahiz eta kontroladoreen aurretik pasa beharra izan duten».

Kontsultak izan duen erantzunarekin «pozik» dago Irura Txukun plataforma, «parte hartu dutenen %90ak baino gehiagok bosgarren edukiontziaren aldeko hautua egin duelako». Era berean, euren itxaropena «zapuztua» geratu dela gehitu dute, «udalak kontsultaren emaitza bere interesen alde jarriz makilatu baitu».

Bilduri mezua bidali dio Irura Txukun plataformak: «Herriko balkoiak zabor poltsaz beteta dituzue, bizilagun askok ez dute oraindik ontzia jaso, eta hala ere, zuen balantzea da lehen bi egunetan %70a birziklatzea lortu dela? Herri ordezkariak bazarete zergatik engainatzen duzue herria?».

Euren aldarrikapen eta kexekin Arartekoarengana jotzeko asmoa dutela adierazi dute plataformatik: «gure ahotsa entzun, eta ea norbait zentzuz jokatzen hasten den».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!