Hizkuntza, kantua eta ahotsa uztartzen dituen talde berria sortu dute Iruran

Ataria 2013ko ekainaren 14a

Hiahoka. Horixe da Iruran euskara praktikatu nahi dutenentzat sortu berri den ekimenaren izena.   Hizkuntza, ahotsa eta kantua uztartzen ditu talde berriak, hortik bere izen bitxia, eta kantuak, musika eta gorputz ariketen bitartez tarte atsegin eta ludiko bat pasatzeko helburua du.

Euskara praktikatu nahi duen pertsona ororentzat zuzendatutako taldea da Hiahoka. Baina batez ere beste jatorri eta kultura ezberdinetako lagunen elkargune izan nahi du, estilo ezberdinetako musika eta kantuak ezagutu eta konpartitu ahal izateko, eta euskaldun zahar eta berriak elkar ezagutzeko.

Petra Elser euskara dinamizatzaileak gidatuko ditu saioak, Julian Cobzaru soinujole errumaniarraren laguntzaz. Saio horietan, euskal kantu tradizional eta modernoak landuko dira, eta euskaraz hitz egin eta gorputza mugitzeko aukera izango da.

Horretarako, ondo kantatzen jakitea eta euskara maila jakin bat izatea beharrezkoak ez direla azaldu dute antolatzaileek. «Ondo pasatzeko gogoa besterik ez da behar, kantuen bitartez norberak bere ahotsa ezagutzeko, lagun berriak egiteko eta jolasean euskara praktikatzeko».

Pasa den asteartean egin zuten lehen saioa, eta hemendik aurrera asteartero biltzeko asmoa daukate liburutegi zaharreko gurasoen gelan (elizaren atzealdeko parkearen ondoan dagoena) 18:00etatik 19:00etara. Saioak dohakoak izango dira, eta nahi duenak nahi duenean parte hartu ahal izango du.

Informazio gehiagorako, Irurako Euskara zerbitzuan galdetu dezakete, edo astearte eta ostegunetan 943 691 333 telefonora deitu dezakete.

Euskal Festak

Bestalde, gaur euskal festen barnean pintxo-potea egingo da zazpietatik aurrera. Bihar, berriz, euskal produktuez osatutako bazkari-herrikoia egingo da. Igandean, dantzari txiki eguna ospatuko da eta artisau eta janari azoka egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!