Gutuna: Osasuna bermatzearren

Ataria 2013ko apirilaren 16a

Hurbiltzen ari da Iruran hondakin bilketaren sistema aldaketa. Udara baino lehen, gaikako bilketan pauso bat gehiago emango dugu iruratarrok: kristala, plastikoa, papera, pilak, olioa eta jantziak bereizita biltzen aritu gara azken urteetan, eta orain organikoa ere banatzen hasiko gara. Horretarako, auzo konposta (dagoeneko Irurako 50 familik egin duten aukera) eta atez ateko bilketa sistema erabiliko dira, oraingoz, emaitzarik onenak ematen ari diren sistemak.

Sistema horiekin, sortzen ditugun hondakinen %80a baino gehiago birziklatuko dugu eta birziklatu ezin den zabor kopurua, errefusa, %20 baino gutxiago izango da (Usurbil, Hernani, Oiartzun edo Antzuolako datuen arabera); bosgarren edukiontziaren sistemarekin, hondakinen %75a sailkatu gabe botatzen jarraitzen du jendeak, eta, ondorioz, ezin da birziklatu (2012an, Aretxabaletan jasotako datuak dira).

Azken asteetan, zabor-poltsak azaldu dira Irurako hainbat etxeetako balkoietan protesta modura. Protesta ekimen horrek arduratu egiten gaitu. Guztiz errespetagarria iruditzen zaigu, baina ez gaude ados beronekin. Edozein aldaketa prozesuk zalantzak sortzea logikoa iruditzen zaigu, eta jendeak bere iritzia eta desadostasuna adieraztea ere, positiboa. Baina gu aldaketa hau frogatzearen aldekoak gara, sistema berriari aukera bat  ematearen aldekoak.

Gure ustez, Gipuzkoan gai honi buruzko eztabaida pizten eta puzten aritu direnak zenbait gezur zabaltzen aritu dira azken hilabete eta urteetan. Izan ere, auzo konposta eta atez ateko bilketa sistema ez dira beste sistema batzuk baino zikinagoak; ez dute usainik zabaltzen (kutxak ordu gutxi batzuk bakarrik egoten dira zintzilik); ez dira garestiagoak (herriak hondakin gutxiago sortzen du eta ondorioz gutxiago ordaindu behar du zabortegietan); ez dira itsusiagoak (Iruran denontzako berdinak diren kubo batzuetan aterako dira hondakinak, ez basura-poltsetan!); ez dira deserosoagoak (bosgarren edukiontziarekin berdin-berdin banatu behar da organikoa); etab. Lehen aipatutako Gipuzkoako lau herri horietan urte batzuk badaramatzate atez ateko bilketa sistemarekin eta ez da arazo berezirik gertatu.

Zenbaiten ustez, arazo nagusietako bat sistema berriak inposatu egin direla da. Gure ustez ere aproposagoa litzateke adostasun maila handiagoarekin ezartzea aldaketa. Baina oposizioak zuen Hondakinen Plana ere ez zen herriarekin kontsultatu, eta Iruratik 20 kilometrora, Zubietan hain zuzen, makro errauste planta bat jartzea aurreikusten zuen legealdi honetan bertan. Ez da kontsentsuak lantzeko denborarik egon beraz, ez eta horretarako borondaterik ere oposizioko alderdien aldetik.

Gure ustez, jokoan dagoena Irurako eta Gipuzkoako ingurumena eta herritarren osasuna da. Talde ekologista nagusiak (Ekologistak Martxan, Greenpeace, Eguzki) auzo konposta eta atez ateko bilketa sistemaren alde agertu dira. Horregatik, Irurako Udala zoriondu nahi dugu ausarta izan delako, eta gaur egungo eta etorkizuneko iruratarren eta gipuzkoarren osasuna eta bizitza kalitatea lehenetsi dituelako. Gure babesa adierazi nahi dugu aipatutako hondakin bilketarako sistema berriekiko, norabide egokian emandako pauso bat dela iruditzen baitzaigu.

Orain, atez ateko bilketa sistemarekin daukagu aukera ekologia eta Garapen Iraunkorra bezalako hitzak praktikan jartzeko! Guretzako ere ohitura aldaketa suposatuko du honek, baina onerako, gure gizarte eta naturaren eta gure oinordekoen onerako.

Esfortzuak merezi du!

Irura Zero Zabor

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!