Maila handiko xare partidak ikusteko aukera paregabea izango da Iruran

Ataria 2013ko otsailaren 15a

Xarearen hiriburu bihurtuko da Irura datozen asteetan. Igande honetan hasi eta apirilaren 21era arte, xareko bi txapelketa jokatuko dira Ametsa trinketean. Share Elkartea Sarian Munduko Txapelketetan aritutakoak edo aurten egingo denerako prestatzen ari direnak parte hartuko dute eta Beteranoen Share Txapelketan, izenak dioen moduan, beteranoak lehiatuko dira. Aitor Artola antolatzaileak azaldu duenez, «maila handiko xare partidak ikusteko aukera izango da». Ametsa Pilota Elkarteak antolatu ditu txapelketak, Share Elkartearen babesarekin eta Irurako Udalaren laguntzarekin.

Beste zenbait urteetan xare partidak antolatu dira, baina azken urteetan ikusi ez den mailaz gozatzeko aukera izango da. «Aurten Share Elkarteak diru laguntza eman du eta horregatik bere izena duen txapelketa antolatzeko aukera izan dugu», azaldu du Artolak. «Nik uste dut sei bikote nahiko politak osatu ditugula. Espero dugu herrian saltsa pixka bat sortzea txapelketekin».

Udazkenean jokatuko da Munduko Txapelketa Uruguayn, eta 22 urte azpikoen mailarako prestatzen ari diren bost pilotarik jokatuko dute: Julen Apeztegia, Felix Santano, Lukas Limousin, Unai Sarasola eta Beñat Sarasola. Beñat Sainz ere Munduko Txapelketan parte hartzekoa da, baina orain lesionaturik dagoenez, ezin izango du txapelketan parte hartu.

Pilotari guztiak, bi txapelketetakoak, eskualdekoak dira. Txapelketa bakoitzean sei bikote lehiatuko dira. Hasieran ligaxka jokatuko da, eta txapelketa bakoitzean bikote guztiek elkarren aurka jokatuko dute. Igandero jokatuko dira partidak, bi txapelketa bakoitzeko. 16:30ean hasiko dira beteranoen txapelketako partidak eta 18:00etan Share Elkartea Sariko parte hartzaileak.  Behin ligaxka amaituta, txapelketa bakoitzean lehen lau sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte. Apirilaren 14ean izango da hori. Finalak, berriz, apirilaren 21ean izango dira.

Share Elkarteko Sarian 40 tantotara jokatuko dute, eta Beteranoen Txapelketan bi set irabazten dituenak aurrera egingo du. Lehenengo bi set-ak 15 tantora jokatuko dituzte, eta hirugarrengoa beharko balitz, 10 tantotara jokatuko litzateke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!