Ikaztegietako Udalak larunbatean —hilaren 28an— estreinatuko du Kutturruko ibilaldia. Herritik atera gabe osatu daiteke oinezko ibilbidea Kutturru berdegunean barrena, 2,5 kilometroko luzera eta 120 metroko desnibela ditu. Eguraldi egokia egiten ez badu, bertan behera utziko dute ibilaldia.
Udaletik azaldu dute gutxi direla herrian bertan egin daitezkeen ibilaldiak: «Eremu horietako bat berreskuratu dugu, lur jabeen laguntzarekin egokitu,eta irekita dago herritarren gozamenerako». Estreinaldiaren berri emateko udalak eskuorri bat banatu du herriko etxeetako buzoietan, informazio osagarriarekin, besteak beste, ibilbidearen nondik norakoak, luzera, kokapena, eta bidean zehar topa daitezkeen landareen zein animalien xehetasunak.
Larunbatean estreinaldia
Aipatu bezala, larunbatean egingo dute ibilaldia —eguraldiak laguntzen badu—, eta bertaratzera gonbidatu dituzte herritarrak: «Ibilbidea ezagutzeko paseora gonbidatu nahi zaituztegu. Ibilbide hori bera egingo dugu elkarrekin, eta bukatzean hamaiketakoa izango dugu ostatuan —janaria udalak ordainduko du, eta edatekoa, berriz, norberak—».