Zenbait urtetatik hona Ikaztegietako Udalak baratza publikoak jartzen ditu herritarren eskura, bost urtez kudeatu ahal izan ditzaten. Hain zuzen, bukatzera doa aurreko aldia, eta abenduan zozketatuko dituzte berriro baratzak. Interesa dutenek abenduaren 18ra arteko epea dute izena emateko, eta zozketa abenduaren 22an egingo dute, udaletxeko batzar aretoan.
Aipatutakoak eskola atzean dauden baratzak dira, ibaiaren ondoan dagoen lursailean daudenak. Eremu horietako bat eskolak kudeatzen du, eta gainerakoak herritarrei eskaintzen zaizkie zozketan. Ekimenaren helburua da lur zati bat eskuratu ezin duten herritarrei baratza izateko eta etxean kontsumitzeko barazkiak ereiteko aukera ematea. Zozketan lekua esleitzen zaien herritarrek «alokairu xume» baten truke erabil ditzakete lurrak.
Izen-ematea zabalik
Zozketan izena emateko hiru modu dituzte interesa duten herritarrek: aurrez aurre udaletxera bertaratuta; telefenoz 943 65 33 29 zenbakira deituta; eta, digitalki, udala@ikaztegieta.eus helbide elektronikora idatzita. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta abenduaren 18a izango da horretarako azken eguna.
Baratzen zozketa, berriz, abenduaren 22an —asteartea— egingo dute, 21:00etan, udaletxeko batzar aretoan egingo duten udal bilkuran.