Txarkuteria produktuak egiten dituzte Ikaztegietan duten lantokian, eta horietako batzuk dira urdaiazpiko egosia —errea nahiz naturala—, mortadela, indioilar bular egosia, txerri burua (etxeko izarra) eta ukondoak (garai honetan eskari handiko produktua); eta aukera zabala dute saltxitxa egosietan ere. Hitz gutxitan esateko: plazer handia ematen duten bekatu txikiak.
Gabonak ate joka diren honetan, otordu berezietan behin ere hutsik egiten ez duen produktu bat dute: Mikuita kutixi, etxeko foie gras-a. Mi cuit frantseseko hitza da eta erdi-egosia esan nahi du. Foie gras-ek, berriz, gibel betea. Xuberon, gatza eta piperrarekin beratzen uzten dute gibela oso-osorik. Justu behar duen tratamendu termikoa jasotzen du, eta hala, berezko zapore, propietate eta ezaugarri guztiak mantentzea lortzen dute. Gainera, gantz gutxiago galtzen du, eta modu horretan burutzen duten pasteurizazioari esker, iraungitze data luzatzen diote.
Kolore urrekara dirdiratsua du mikuitak, arto kolorea nolabait esateko. Mikuita egiteko erabiltzen dituzten espezia, gatz, azukre eta ardoek, berezkoa duen usaina fintzen laguntzen diote. Eta edozein modutan dastatu badaiteke ere, jarri mikuit zatitxo lodi bat ogi ez oso txigortu baten gainean eta begiak itxita hozka egitea gomendatzen dute egileek.
Gertuko nortasuna
Bertako ekoizleak eta produktuak dira Xuberoren izateko arrazoia. Eta etengabeko hobetzea da, berriz, lanaren ardatza: produktuen sekretuak ateratzea, pieza bakoitza ulertzea eta haren onena ematea, jakien ahalmen osoa bezeroen zentzumenetan islatzeko. Esperientzia zabala eta hainbat urtetako lana dago elaborazio bakoitzaren atzean. Artisauak dira, eta bikainki ezagutzen dituzte produktuak.
Gertukoarekiko begiruneak ez die begirada lausotzen. Banatzen den guztia bertan ekoitzitakoa da, eta Xuberoko jakiak eskuragarri daude herri txikietako harategietan eta hirietako gourmet denda eta merkatu garrantzitsuetan.
- Helbidea. Larrunbe 33 (Ikaztegieta).
- Webgunea. xubero.net.
- Telefono zenbakia. 688 68 10 84. Inguruko harategi eta saltoki askotan daude Xubero produktuak. Gertukoena zein den jakiteko bidali beldurrik gabe whatsapp mezua.
