Ikaztegietan azaroaren 20an —ostirala— egingo du Gregoria bakarrizketa Beatriz Egizabal kontalariak. Emanaldia 19:00etan hasiko da, erabilera anitzeko aretoan, eta «ikuspuntu umoretsu batetik» hizpide izango du feminismoak zein eragin izan duen bere bizitzan.
Haurtzarotik heldutasunerako bidea kontatuko du hainbat pasadizoren bitartez, eta galdera bati erantzunez egingo du saioa: «Feminista jaio ala egin egiten da?». Ikuskizunean jendaurrean aztertuko du zein eragin izan duten «birramonak, amonak, amak, ipuinek, telebistak eta lagun feministek», eta beste hainbat galdera izango ditu hausnartzeko: «Zer ulertu dut? Zer ez dut ulertu? Zer daukat ulertzeko?».