Aurten ere hiru proba, Ikaztegietako XXXV. Herri Krosean

Josu Artutxa Dorronsoro

Ikaztegietako Herri Krosaren iazko edizioko irudia. A. IMAZ

10 eta 4,5 kilometroko ibilbide bana prestatu dituzte, eta proba motzean bikote mistoek ere parte hartu dezakete; Herrikrosa.eus-en eman daiteke izena. Bertako ekoizleen produktuak emango dituzte saritan.

Larunbatean izango da Ikaztegietako Herri Krosaren 35. edizioa. Joxe Mari Garmendia herritarrak antolatu zuen bakar-bakarrik proba lehen edizioetan. Gaur egun, Herrigintza elkarteak antolatzen du lasterketa herrikoia, eta Garmendia ere dozena erdi bat lagunek osatzen duten taldeko kidea da.

Xabat Ibarguren antolakuntza taldeko kideak esan du historikoki 10 kilometroko lasterketa izan dela, baina 2023az geroztik, 4,5 kilometroko proba ere egiten dute, bakarka nahiz bikote mistoen kategorian. «Geroz eta lasterketa herrikoi gehiago zeudela eta, parte hartzean jaitsiera nabaritzen ari ginen. Horrez gain, proba oso azkarra izaten zen, eta ez zen erakargarria hasi berrientzat edo korrika lasai egin nahi zutenentzat. Emakumeen parte hartzea areagotzeko, proba mistoa antolatu genuen», arrazoitu du. Lortu zuten parte-hartzeak gora egitea, baita aurreko urteetan baino herrikoiagoa izatea; tartean, herritar askok eman zuen izena.

Azken urteetako egitura mantenduko dute, baita ibilbidea ere. Proba luzekoek hiru itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari; laburrekoek, berriz, itzuli eta erdi. «Alegia eta Legorreta aldera joango dira korrikalariak, eta herri barruan dagoen pasealekutik ere igaroko dira». Ibargurenek aitortu du askotan pentsatu izan dutela ibilbidea berritzea, eta aurreratu du datorren urtera begira nobedaderen bat txertatzeko asmoa dutela. «Baimen aldetik, ordea, ez da erraza».

16:30ean hasiko dira helduen probak. Lehenago, 16:15 aldera, haurrenak izango dira, sailkapenik gabekoak. Helduen lasterketan parte hartzeko Herrikrosa.eus webgunean eman behar da izena; proba luzerako eta mistorako 15 euroren truke, eta motzerako 10 euroren truke. Larunbatean bertan ere eman ahal izango da izena. Inguruko ekoizleek emandako laguntzari esker, bertako produktuak banatuko dituzte saritan eta zozketan.

Behobia-Donostia izan ohi da korrikalari askorentzat urteko helburua. Handik astebetera lasterketa bat egiteak parte hartzean eraginik ote duen galdetuta, positiboa edo negatiboa izan daitekeela esan du Ibargurenek. «Urte batzuetan parte-hartze baxua izan genuen. Azken urteetan, ordea, Behobia-Donostiako arantza ateratzera edo prestaketa baten ondoren sasoia mantendu nahian etorri izan dira korrikalariak. Noizbait data ere aldatu izan dugu, baina emaitza hoberik gabe. Esperantza dugu azken asteetako tiradizoak lagunduko duela».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!