Elkarrizketa

«Historia zatitxo bat topatuko du liburua zabaltzen duenak»

Aitor Arroyo Askarai

Adur Ibarguren Lazkano eta Maria Laespada Lazpita, atzo, Ikaztegietan. A. ARROYO ASKARAI

1936ko gerratik frankismora arte Ikaztegietan izandako giza eskubideen urraketak bildu dituzte liburu batean. Gaur aurkeztuko dute, 18:00etan, erabilera anitzeko aretoan.

Gaur aurkeztuko dute Ikaztegietan 1936-78 Errepresioa eta giza eskubideen urraketak Ikaztegietan liburua. Argitalpena Aranzadi Zientzia Elkarteko Maria Laespada Lazpita (Bilbo, 2000) ikerlariak osatu du Adur Ibarguren Lazkano (Ikaztegieta, 1991) zinegotziarekin eta zenbait ikaztegietarrekin elkarlanean. Liburua aurkezteko erakusketa bat ere prestatu dute arduradunek.

Zehazki zer jaso duzue liburuan?

Maria Laespada: Liburuak bost atal nagusi ditu: lehenengoa Espainiako Bigarren Errepublikari buruzkoa da; hurrengoak gerrak Ikaztegieta hartu bitartekoa lantzen du; gero, frankismoari buruzko bi zati daude, fenomeno bakarra izan bazen ere, errepresioa egiteko moduak-eta aldatu zirelako; eta, azkenekoan, herritarren testigantzak daude. 

Ibilbide guzti horretako teoria jaso dugu nolabait, eta Ikaztegietan kokatu dugu bertako dokumentazioa eta testigantzak erabilita; argazki asko sartzen ere ahalegindu gara, erakargarritasuna handitzeko. Ikaztegietako historiaren zatitxo bat topatuko du liburua zabaltzen duenak. 

Zenbat denboraz aritu zarete lanean?

Adur Ibarguren: Proiektua 2023ko martxoan hasi zen. Aranzadirekin harremanetan jarri ginen halako zerbait egiteko interesa zegoelako. Udaberriaren amaieran testigantzak jasotzeko bulego bat jarri genuen martxan. Eta hortik aurrera pixkanaka aritu gara liburua osatzen. 

Nolakoa izan da sortzeko prozesua?

Ibarguren: Oroimen bulego hori zabaldu zenean herritar batzuk gerturatu ziren testigantzak ematera. Batzuk borondatez etorri dira, eta beste batzuengana gu joan gara, pistei jarraituz edo. 

Laespada: Beste batzuk testigantzak ematetik harago, ideia orokor bat ematen edo idatzitakoa berrikusten ere aritu dira: baserrien izenak zuzentzen, herriko erreferentziak egiaztatzen... Parte hartzeko hainbat modu egon dira. Eta zeharkako testigantza batzuk ere jaso ditugu, batetik, Euskal Herriko Ahotsak proiektutik, eta, bestetik, idatzitako zenbait iturritatik.

Ibarguren: Iñaki Zubeldia, adibidez, zirriborroa bukatuta zegoenean arduratu da hori irakurtzeaz eta zenbait aholku emateaz. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuan parte hartu duten guztiei: herritarrei, udaletxeko langileei... 

Laespada: Sekulako laguntza eman digute, eta haien ekarpenik gabe liburua ez zen posible izango. 

Ikerketa lana ere egingo zenuten. 

Laespada: Testigantzez gain, oinarrietako bat izan da dokumentazio historikoa: izan herriko udal artxibokoa, probintzia edo estatu artxiboetakoa, artxibo militarretakoa... Horiez aparte, prentsa eta iragarki ofizial historikoak ere ikertu ditugu, eta, azkenik, aurretik idatzitako lan eta bibliografia ere aztertu dugu. Horietatik ere edaten du liburuak. 

Topadu al duzue zailtasunik?

Ibarguren: Erronkarik handiena izan da testigantzak jasotzea. Aspaldiko kontuez ari garenez, gehienak zeharka jasotakoak izan dira, hori bizi izan zuen jende ia dena hilda baitago. 

Laespada: Beste zailtasun bat da isiltasuna apurtzea: urte luzez esan ez dena kontatzera ausartzea. Eta beste bat da hain 'ikusgarriak' ez diren giza eskubideen urraketak identifikatzea: emakumeen zein euskararen aurkakoak eta halakoak. 

Zerbaitek harritu zaituzte?

Laespada: Harrigarria da zenbat jendek hitz egiten duen dantza lotuaren debekuaz. Artxiboan topatu ditugu herriko neska batzuei jarritako isunak ere, lotuta dantza egiteagatik. 

Ibarguren: Gauza askok harritu naute, kosta egiten zaidalako gaur egun ezagutzen dudan errealitatea garai hartakoarekin lotzea. Nobela bat irakurriko banu bezala izan da. 

Laespada: Eta gertatu ziren gauza larriak ere: zigortutako udal langileak, erbesteratutako apaiz bat, erantzukizun politikoko auzitegiak ikertutako herritarrak, lau ikaztegietar ageri dira auzitegi militarretan, espetxeratuak, torturatuak, kartzelaldiaren ondoren hildako bat... Errepresioa forma ia guztietan topatu dugu. 

Publiko zehatz bati dago bideratuta?

Ibarguren: Ikaztegietarrentzako liburu interesgarria da. Herria sakonago ezagutzen laguntzen du, garai haietan izandakoen berri ematen baitu. Iraganeko herriko etxeak zein ziren, familiak zein ziren... Gaur egungo herria ulertzeko zenbait gako ematen ditu; tartean aldaketa asko izan badira ere. 

Nola lor daiteke liburua?

Ibarguren: Gaur arratsaldeko aurkezpenean eskuratu ahal izango da, eta hortik aurrera Ikaztegietako udaletxera etorrita edo harremanetan jarrita. Eskuragarri egongo da aleak bukatzen diren arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!