Ikaztegietako Udalak urtero bezala Errigorako saskiak zozkatuko ditu abenduan. Zozketaren zenbakiak herriko etxe guztietara banatzen duten egutegian agertzen dira eta, hain zuzen, argazki lehiaketa antolatu dute egutegi hori osatzeko.
Argazki lehiaketaren gaia «Belaunaldiartekotasuna Ikaztegietan» izango da, eta urriaren 25a izango da irudiak bidaltzeko azken eguna. Garai bateko argazkiak eta atera berriak aurkeztu ditzakete herritarrek, eta alkatetza@ikaztegieta.eus helbidera bidali beharko dituzte gaian «Argazki lehiaketa 2026» zehaztuta.
Aurkeztutako argazki guztiekin erakusketa egingo du Ikaztegietako Udalak, eta argazki irabazlea, berriz, herriko etxe guztietara banatuko dute, atzean 2027. urteko egutegia duela.