Zabalik da epea eskualdeko euskaltegietan izena emateko

Ataria 2026ko irailaren 2a

Ikaztegietako plazan aurkeztu dute ikasturte honetako matrikulazio kanpaina. A. ARROYO ASKARAI

Irailaren 18a izango da izena emateko azken eguna, eta 16 urtetik gorako herritar guztiek egin dezakete. Eskualdeko bederatzi herritan izango da aukera euskara ikasteko.

Aitzol udal euskaltegiak eta Tolosaldeko AEKk 2026-2027 ikasturterako euskara ikastaroak aurkeztu dituzte Ikaztegietan. Ikasturte honetan eskualdeko bederatzi herritan emango dute aukera euskara ikasteko: Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. Aurten ere Apuntatú lelopean aurkeztu dute matrikulatzeko kanpaina, eta irailaren 18ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.

Herrian bertan euskara ikasteko aukera izango ez dutenek ere, herritik gertu izango dute aukera, zonalde guztiak kontuan hartuz antolatu baitituzte ikastaroak euskaltegiek. Aitzol Udal Euskaltegiko Josebe Izagirre zuzendariak garrantzia eman dio etxetik gertu euskara ikasteko aukera izateari: «Tolosaldeko herritarrek euren beharretara ondoen egokitzen den ikastaroa topatuko dute eskualdean. Ikasturte honetan ere eskualdeko hainbat herritan izango da euskara ikasteko aukera. Euskara gertu izango dute herritarrek eta, nola ez, saiatuko gara euskara ikastea esperientzia aberasgarria zein baliagarria izan dadin ikasle ororentzat.

Tolosaldeko AEKko Olatz Peñagarikano kideak azaldu du euskara ikasteak baliagarria izan behar duela Tolosaldean bizitzeko: «Balio behar du bertan ikasteko eta lan egiteko, eta baita aisialdian jolasteko ere. Euskarak izan behar du harrera hizkuntza Tolosaldeko herrietan eta, halaber, herritarron solasaldietan lehen hizkuntza. Izan ere, euskaraz dakigunok ere ardura handia dugu normalizazio prozesuan, eta, beraz, etorri berriak euskara ikasten duen eran, euskal hiztunok ere egunerokoan erabili behar dugu hizkuntza, euskara bizi eta osasuntsua izan dezagun.

Herritar ugari euskaldundu dira Tolosaldeko euskaltegietan, baina oraindik pauso hori eman ez dutenak ere badirela aipatu du Izagirrek: «Gaurko agerraldia aprobetxatu nahiko genuke, bereziki, herritar horiei dei egiteko eta euskara ikastera animatzeko».

Maila guztietako ikastaroak

A0 mailatik C2ra arteko ikastaroak eskainiko dituzte bi euskaltegiek, hau da, euskara oinari-oinarritik ikastetik hasi eta goi mailaraino lantzeko aukera izango da eskualdean. Agerraldian azaldu dutenez, 16 urtetik gorako edonork eman lezake izena AEKn eta Aitzolen: «Kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, euskara hobetu nahi duten herritarrek, merkataritzako langileek, ostalaritzan dabiltzanek eta zenbait kolektibotakoek».

Tolosaldeko AEKk hainbat herritan egingo ditu ikastaroak, horien artean, Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Villabonan eta Zizurkilen. Aipatu bezala, hilaren 18ra arte egongo da zabalik izena emateko epea, eta zalantzak argitzeko andoain@aek.eus helbidea eta 943 59 17 04 telefonoa jarri dituzte.

Tolosako Aitzol udal euskaltegian, berriz, goizez 09:00etatik 13:00etara eman daiteke izena, eta arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara; eta, informazio gehiago eskuratzeko, eskura jarri dituzte aitzolue@tolosa.eus helbide elektronikoa eta 943 65 10 06 telefono zenbakia.

Hainbat dirulaguntza

Aitzol udal euskaltegiko zein Tolosaldeko AEKko ikastaroak ordaintzeko hainbat dirulaguntza eskatu ahal izango dituzte interesa dutenek. Laguntza horien artean daude eskualdeko udalek eskaintzen dituztenak, eta Eusko Jaurlaritzak zein HABEk ematen dituztenak. Hain zuzen, aurten Euskara Bonua izeneko laguntza aurkeztu du jaurlaritzak, non ikasleek 120 euroren truke euskaltegiko ikastaroak finantzatu ahal izango dituzten, gehienez, lau ikasturtez.

Ikaztegietako agerraldian ere nabarmendu dute gaia: «Bizitza hainbeste garestitu den honetan, ezin ahaztu dirulaguntzak aipatzea: Tolosaldeko udalek ahalegin handia egiten dute aipatutako ikastaroak diruz laguntzeko». Laguntzei buruzko informazio zehatza jasotzeko, berriz, udaletxeetan edo euskaltegietan galdetzea gomendatu dute. Amaitzeko, jendea euskaltegietara gerturatzera animatu dute Izagirrek eta Peñagarikanok, bertan informazioa jasotzeko eta zalantzak izanez gero, argitzeko. Bestalde, izena «ahal dela» matrikulazio garaiaren barruan emateko ere eskatu dute, euren lana errazteko. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!