Udal jakinarazpenak mugikorrean jasotzeko aukera dute ikaztegietarrek. Oharrak postontzietan zabaltzeko «paper asko» inprimatzen da Ikaztegietako Udalaren esanetan, eta kopuru hori murriztea da ekimenaren helburua: «Oharra etxean jaso eta, berehala, zaborrontzira botatzen dugu. Papera alferrik ez gastatzeko eta jasangarritasunaren izenean murriztu nahi dugu kopurua».
Hori horrela, herritarrek hala aukeratuz gero mugikorrean jasoko dituzte orain arte postontzira bidali izan diren ohar guztiak, eta baita udalak egokitzat jotzen dituen «bestelako mezuak» ere. Aldaketa eskatzeko inprimakia eskuragarri dute herritarrek Ikaztegietako Udalaren web orrialdean, eta, betetakoan, udaletxean entregatu edo argazkia atera eta alkatetzako telefono zenbakira bidali beharko dute Whatsapp edo Telegram bidez.