Ikaztegietako jaiak 2026

Festetako egun handia, baina azkena

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 10a

San Lorentzo eguna ospatzen ari dira Ikaztegietan, aurtengo jaietako azken eguna. Eguerdian, Pako Belea konpartsak kalejira egin du herrian zehar, eta herritarrek dantzaldia egin dute plazan. Ondoren, txakolin dastaketa izan da eliza atarian.

Ikaztegietarrek ordu gutxi batzuk barru esango diete agur aurtengo San Lorentzo jaiei. Datorren urtekoen zain geratu beharko dute gaurtik aurrera. Gaur, gainera, festetako egun handia ospatzen ari dira: San Lorentzo Eguna. Eta hori nabari zen eguerdian, herriko plazan. Jende ugari elkartu da, erraldoien eta herritarren dantzaldiaren eta txakolin dastaketaren aitzakian.

Eguerdian, herriko Pako Belea erraldoien konpartsak kalejira egin du herrian zehar, eta plazan amaitu dute. Atzetik izan dituzte Josu Albisu trikitilaria eta herriko zenbait pandero-jotzaile, baita kalejirara animatu diren herritar ugari ere. Plazan bertan, dantzaldia egin dute zenbait herritarrek; Pantxoa eta Peioren Ikastolen ereserkia abestiarekin koreografia bat prestatua zuten gaurko ekitaldirako. Segidan, Aitor eta Irai Tello aita-semeek balts bat dantzatu dute erraldoiak soinean hartuta. Dantzaldia amaitzeko, lehenago dantzatu diren herritarrek fandango, arin-arin eta kalejira bana dantzatu dituzte.

Eguerdiko ekitaldiaren ondoren, txakolin dastaketaren txanda izan da. Bertaratu direnek bi euroren truke erosi dute edalontzia, eta nahi adina txakolin edan dute. Hiru txakolindegietako txakolinak izan dituzte aukeran: Amasa-Villabonako Hika, Alkizako Inazio Urruzola eta Zarauzko Rezabal. Askotariko janak dastatzeko aukera ere izan da.

Arratsalderako ekitaldi bakarra dute antolatuta Ikaztegietan. Bakarra, baina oso garrantzitsua. Plaza garbitzeko deialdia egina dute, 16:00etarako.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!